Urteurren ospakizun bereziak Elgetako Elcoro eta Norica enpresetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko uzt. 4a, 15:36

Elgetako Pagatza industrialdean kokatuta dauden Elcoro eta Norica enpresek badute zer ospatu. Lehenak 1892an ireki zituen ateak Eibarren eta Noricak, berriz, 105 urte egin ditu aurten; apaizaren bedeinkapenarekin, askotariko suziriekin eta lunch eder batekin ospatu zuten urteurrena. "Erronka handiak ditugu baina enpresen egoera oso osasuntsua da", diote.

Urteurren ospakizunok askotariko suziri, petardo eta trakekin jantzi zituzten, Fernando Rodriguezek aipatu zuenez, espiritu txarrak uxatzeko. "Nire bizitzako azken 30 urteotan hemen lan egin izanaren poztasuna daukat eta espero dut jarraitzea. Elcoro enpresari jarraipena eman diot, betiere aberastasuna sortzen. 19 langilerekin hasi ginen eta 150 langile izatera ere heldu ginen, nahiz eta Lehman Brothers-en krisiagatik plantilla murriztu behar izan. Sekulako lantaldea dugu, gaur egun 80 bat langile gara bi enpresetan".

Langile erretiratuak ere gogoan

Bi dira taldearen negozio lerro nagusiak gaur egun: alde batetik, dekoletajea eta mekanizazioa; eta, bestetik, mailu pneumatikoak. Automoziorako eta sektore elektrikorako egiten dute lan, gehienbat, baina beste bost lan-lerro ere badituzte, hala nola karabinak, eskuko erremintak, ekipo-ondasunak...

Urteurrenak baliatu dituzte egungo langileen lana aitortu eta erretiratu zirenen ekarpena aitortzeko. "Enpresa Eibarren sortu zen 1892an eta 1910ean igo zen Elgetara. Ibilbide benetan aipagarria du, baina aipagarriena gure lantaldea da: oso langile inplikatuak ditugu, enpresa eurena izango bazen bezala, eta garai bateko langileen semeek eta bilobek jarraitzen dute…", adierazi du Elcoro enpresako zuzendari Maria Jesus Rodriguezek.

Egoera oso osasuntsua

Aurrera begira daude Elcoro eta Norica eta salmentei dagokienez oso osasuntsu daude. "Salmentetan egoera oso positiboa da. Azken hiru urteetan, pandemian egon arren, asko saldu dugu. Etorkizunera begira baditugu ziurgabetasunak; aurtengoa gerraren urtea da, lehengaiak izugarri garesti dauden urtea. Gure erronka kalitatea saltzen jarraitzea izango da, eta lanpostuak modernizatzen joatea", dio Norica enpresako zuzendari Asun Rodriguezek.

Adituek diotenez, garai, premia eta merkatu berrietara ondo egokitzea da industriaren sektorean aurrera egiten jarraitzeko gakoa, eta asmatzen ari dira bi enpresetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak