Inoiz baino indartsuago datoz Beheko kaleko jaiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 3a, 18:34

Unai Cantabrana Beheko kaleko jaietan kontzertua egiten.

Hilaren 9an eta 10ean ospatuko dituzte; umeen eta helduen auzo-afarietarako txartelak salgai daude. Umeendako txartelak sei eurotan Lola tabernan eta helduendako Goikoetxe harategian hamasei eurotan.

Jendeak badu bi urteok atzean laga eta aurrera begiratzeko gogoa. Hala sumatu dute Beheko kaleko jai batzordean. "Laguntzeko gogoz etorri dira auzotarrak. Gure eskuetan dagoena egin dugu, eta egitarau zabala osatu dugu", azaldu dute jai batzordeko Oxel Erostarbek eta Gorka Arizmendiarrietak.

Ohiko ekintzez gainera, uretako txirrista erraldoia eta bits festa iragarri dituzte eguenerako. "Berraondokotik behera datorren aldapa hartuko du uretako txirristak, eta adin guztietako jendeak har dezake parte. Aspalditik genbiltzan txirrista ekarri nahian. Kostu handia du, eta bi euro ordaindu beharko dira arratsalde osoan erabiltzeko aukerarekin". Egun berean otarrainxkak eta xanpaina egongo dira Arantxa Aretxagaren omenez. "Auzoko jaiak egiten hasteko asmoa genuela esan genionetik beti egon da prest laguntzeko, eta momentu ona izango da hura gogoratuz topa egiteko".

Barikuan auzo-afariak

Mendi kriteriumak betiko ezaugarriak izango ditu. Ume eta gaztetxoendako entzierroa ere iragarri dute. Benetako zezentxoekin izango da. "Sanferminetako entzierroaren aurretik, Elgetan frogatxoa egingo dute zezenek. Autoak garajean sartzea gomendatzen da", esan dute antolatzaileek.

Disko festa, Unai Cantabranaren saioa, auzo-afariak, erromeria eta mojito jaia izango dira ondoren. Esan behar da Gaztea Cover txapelketako finalista dela Cantabrana. Beheko kaleko jaietan joko du ekainaren 14an Donostian duen final handia baino lehen.

Urtero moduan, afaltzeko ehun lagunetik gora elkartzea aurreikusten dute jai batzordean. Jakinarazi dute txartelak salgai daudela. Auzolanean ari dira jaiak prestatzen. "Elgetarrak zozketarako txartelak erostera eta txosnan tragoxka bat hartzera etortzera animatu gura ditugu, horiek dira eta gure diru iturri nagusiak", esan dute jai batzordetik. Gaur arratsalderako, berriz, tonbola dute iragarrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak