Loyola batailoiko komandantea izan zen eta jatorri elgetarra zuen Juan Beistegi eibartarraren oroitzapen eta pasarteak jasotzen ditu Aitor Miñambresek idatzi duen liburuak. "Egia esan, hasiera batean Juan Beistegiren memoriak ingelesez zeuden transkribatuta. Hala ere, apurka-apurka, ordenatu egin ditugu eta testuinguruan jarri. Era horretan, irakurketa freskoa eta arina da", adierazi du Miñambresek.
Juan Beistegi Eibarko abertzale bat zen eta haren familian armak eta bizikletak egiten zituzten. Gerra Zibila hasi zenean, 1936an, Euzko Gudarostean sartzea erabaki zuen, komandante izatera heldu arte, bere karismagatik eta gauzak ondo egiteagatik, idazleak azpimarratu moduan. "Preso sartu ostean, kartzela sufritu behar izan zuen eta heriotza zigorra ezarri zioten. Edozelan ere, zorionez, kartzelatik irten zen 1943an eta borrokan jarraitu zuen, bere printzipioen alde".
Sabino Arana Fundazioak argitaratu du liburua, euskaraz zein gaztelaniaz, eta fundazioaren bitartez eskuratu ahal izango da.
Bisita gidatuek, erantzun ona
Bestalde, pasa den astean ekin zioten urteurreneko egitarauari, lubakietara egindako bisitekin, eta erantzun ona izan zuten saio horiek, Nerea Villa Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kidearen esanetan. "Ostiralekoa oso ondo joan zen. Hamaika pertsona etorri ziren, espero baino gehiago; eguraldia ere oso ona irten zen eta etorri ziren guztiak historialariak eta oso interesgarria izan zen".
Domekan, omenaldia
Etzi, domeka, gerra garaian eraildakoak, errepresaliatu izan zirenak eta kereilara aurkeztutakoak omentzeko ekitaldia egingo dute, 12:00etan; hasiera batean, plazan eta eguraldi txarra egiten badu, kafe antzokian. Bertara joateko deia egin dute antolatzaileek. "Animatu zaitezte. Omenduko ditugunek asko jasan zuten eta behar dute omenaldia", azaldu du Villak.
Apaiz kartzela dokumentalarekin eta Xabier Amurizarekin egingo duten solasaldiarekin itxiko dute egitaraua, hilaren 27an.