Erretiratuen elkarteko ordezkari Jose Antonio Ojangurenek eman dio hasiera Herri Korrikari. Lekukoa eskuan berak egin ditu lehenengo metroak eta laster hartu dute erreleboa Intxorta elkarteko ordezkariek. Elkartean bazkide sartutako lehen bi emakumeek eraman dute lekukoa; Nagore Ojangurenek eta Oihana Sarasuak. Alboan izan dute Xabier Ubera ere.
Jarraian etorri dira gainerako eragile guztien txanda;
. Herri Eskolako ordezkariak,
. Herri Akademiako Naiara Romatet,
. Elgetako emakume taldeko ordezkari Iratxe Bravo, Olaia Jimenez eta Alicia Garcia,
. EAJko ordezkari Patxi Basauri,
. Kantsatzeke Mendi taldeko Jose Mari Beristain,
. Elgetako EH Bilduko Iraitz Lazkano eta Txabi,
. Zaldibar Argituko Mari Carmen Larrañaga,
. Elgetan Berbetan taldeko Bea Basauri,
. Ugari dendako Bea Bouzas,
. Musika gelako ikasle taldea,
. Elgetako abesbatzako kide Valentin Elorza,
. Botikako Elena Elkoro,
. Intxortako Lehoiak taldeko Felix Irizar,
. Haize tabernako gaztetxoak,
. Intxortako Ahuntzak taldeko Iratxe Alonso eta Eleder Lozano,
. Piñu-koku Enduro Elgeta taldeko Txomin de Vega eta Koldo Izagirre,
. Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko Ainara Iribar,
. Kontsumo taldeko Olatz Perez,
. Guraso elkarteko Esti Askasibar,
. Karrajuko Maite Barrainkua eta Mikel Irazabal,
. Goikoetxe harategiko Imanol Albizu,
. Ozkarbi elkarteko Iker Irazabal,
. Lola jatetxeko Maria Cobo,
. eta udal langile Alazne Alberdi eta Geaxi Ezpeleta.
Mezua plazan
Ikasturte honetan jarri dira martxan euskara eskolak Elgetan. A1 taldeko ikasle taldearen izenean Julia Chansek eta Vicky Santosek irakurri dute lekukoak ekarritako mezua. Jarraian duzue irakurgai. Txalo zaparradarekin eman diote amaiera ekitaldiari Elgetan. Ozkarbi elkarteak banatutako txokolate beroa eta Intxorta elkarteak prestatutako txorizo egosia izan dituzte ondoren aukeran herritarrek. Trikitilari talde bat ere tabernaz taberna ibili da Herri Korrika ostekoa girotzen.
Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun aktiboak behar ditu, ekintzara jauzi egingo dutenak.
Beraz, ohar gaitezen badugunaz, bagarenaz eta izango garenaz. Alarma gorriak pizten hasi dira; esnatu gaitezen! Egin dezagun jauzi ekintzara, denok euskara ahoan izanez: herritarrok, elkarteek, erakundeek... Hitz egiteko ordua da, ekiteko ordua.
Ezinbestekoa da partida hau irabaztea, eta horretarako, 22. KORRIKAra batu eta guztiok elkarrekin jarduteko ordua da. Zerekin? Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin
Korrika 22, eguerdian
Esan bezala, Korrika 22 herritik bertatik igaro ez arren bat egin dute lasterketarekin elgetarrek. Eguerdi aldera, Elgetako Udalak hartu du lekukoa 233. kilometroan, Bergarako Amilagako biribilgunerako bidean. Iraitz Lazkano Elgetako alkatea eta Sebas Arantzabal zinegotzia arduratu dira horretaz.
Herri Eskolak hilaren 8an egingo du Korrika Txikia.