Berritu ostean, zabalik da berriz betiko kontsulta

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 18a, 10:52

Debagoieneko ESIk azaroan abiatu zituen Elgetako kontsultategia berritzeko lanak. Ordutik, medikuak eta erizainak aldameneko lokalean artatu dituzte pazienteak. Lanak amaituta, orain dela astebete itzuli da zerbitzua betiko lekura.

Elgetako kontsultak bazuen berritua izateko premia. Urte luzez interbentzio gutxi batzuk egin dira, eta nabaria zen. Lau hilabeteko lanen ostean, barikuan estreinatu zuten zerbitzu berria elgetarrek. Debagoieneko ESIko zuzendari ekonomiko Jaime Ruiz de Eginok azaldu du 40.000 bat euroko inbertsioa izan dela, gutxi gorabehera. "Saiatu gara anbulatorioa erabat eraberritzen. Irisgarritasuna izan da lehenetsitako gaietako bat, eta orain, automatikoki zabaltzen den atea dago sarreran. Osasun-zentroaren irisgarritasuna hobetzeaz gainera, egokiagoa da mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat", azaldu du. Desagertu da, beraz, hainbat pazienterendako hain pisutsua zen lehengo ate zaharra.

Eraginkortasun energetikoa

Eraginkortasun energetikoa ere kontuan izan dute Debagoieneko ESIko arduradunek. "Arotzeria osoa metalikoa da orain, eta leihoak egokiagoak dira. Argiztapen osoa, berriz, led motakoa da", azaldu du Ruiz de Eginok. "Horrekin batera, kontsulta guztia margotu da, zoruak leundu dira eta altzari guztiak aldatu dira".

Espazioaren antolaketan ere egon dira aldaketak. Sendagilearena zen gelan erizaina dago orain, eta alderantziz. "Espazioa birpentsatu dugu. Gelen tamainarengatik egin dugu kontsulten aldaketa. Erizainak tresneria eta gailu gehiago behar ditu, eta espazio handiagoa edukitzea komeni zen. Tiradera berriak daude orain, eta biltegiratzeko armairu modernoagoak. Tresneriari dagokionez, egoera onean zegoena mantendu egin dugu, baina zaharkitua zegoena ordezkatu egin dugu".

Kontsultak lekuz trukatzeaz gainera, distribuzioa ere aldatu egin da. "Gelen atzeko aldean jarri ditugu bai medikuaren bai erizainaren mahaiak. Hainbat kexa genituen egongelatik kontsulta barruko elkarrizketak entzuten zirela-eta, eta kontua da sendagilearen mahaia, esaterako, ate ondo-ondoan zegoela. Atzeko aldean jarri izanak bermatuko du pazienteen pribatutasuna".

Itxarongelan ere aldaketak izan dira. Jarlekuak, esaterako, berriak dira, eta kontsultategian sortzen diren hondakinak leku seguruan biltegiratzeko espazioa dago orain. "Bila etorri bitartean, leku kontrolatu batean egon behar dute hondakinek".

Argitasunean alde handia

Elena Larramendi da Elgetako sendagilea. Pozik agertu da kontsultategian egindako hobekuntza lanekin. "Batez ere, argitasunean alde handia nabaritu dugu. Pazienteek ere askotan esaten didate", adierazi du.

Ruiz de Eginok, bestalde, Kutxabanken eta Elgetako Udalaren laguntza eskertu ditu. "Lanek iraun duten bitartean aldameneko lokalean jarri dugu kontsulta; Kutxabanken bulegoa zegoen espazioan, alegia. Eskerrak eman nahi dizkiot Kutxabanki, lokala erabiltzeko aukera eman izanagatik, eta baita ere Elgetako Udalari, lanekin hastekoak ginela jakin bezain pronto laguntzeko prest izan delako. Kontsulta lekuz aldatzeko espazio bila ibili ginenean, Kutxabankeko arduradunen kontaktua pasa ziguten, eta horrek asko erraztu zigun berrantolaketa".

Erlazionatuak

Elgetako kontsulta lanak egin ostean

Larraitz Zeberio Lekuona 2022 mar 18 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak