Elgetako EAJk eskatu du Udalak Mendizaleen Plazan duen etxebizitza ukrainar errefuxiatuei eskaintzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 14a, 21:32

Mendizaleen Plazan udal jabetzakoa den etxebizitzako sukaldea.

Jarduneko alkate Ane Bilbaori eskatu diote lehen bai lehen Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko eta etxebizitza hori Ukrainaren inbasioagatik lekualdatutako pertsonak hartzeko Euskadiko Lehen Kontingentzia Planerako eskaintzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak barikuan aurkeztu zuen aipaturiko plana, eta Elgetako jeltzaleek uste dute "Errusiaren inbasioaren aurrean" Ukrainako herriari "lagundu egin behar zaiola".  Hain zuzen ere, erreferentzia egin diote 1936ko gerrak elgetarren memorian duen lekuari. "Elgetarren memorian ondo jasota dago gerrak ekarri zuen sarraskia. Bertako eta inguruetako gudariek eta euren familiek gorriak pasa zituzten garai hartan eta ume asko, Gernikaren bonbardaketaren ondorioz atzerrira bidali zituzten gerra hartatik salbu gera zitezen. Orain guri tokatzen zaigu besteek gurekin egin zuten lan hori egitea", azpimarratu dute.

Udalak herriko gazteendako alokairu sozialeko etxebizitza partekatua egin du aurretik medikuaren etxea zen udal jabetzeko etxebizitzan. "Gazteen artean ez du arrakasta handirik izan ekintza horrek, eta gaur egun Ukraina bizitzen ari den egoera ikusita premia handiak daude etxerik eta herririk gabe geratu diren milaka eta milaka errefuxiatu ukrainarrei laguntzeko", azaldu dute jeltzaleek.

Jeltzaleak ukrainar herriarekin bat

EAJko ordezkariek bat egiten dute ukrainar herriarekin. "Ukraina nazio bat da, bere kultura, hizkuntza propioa eta herri izateko eskubide guztiekin. Beraiekin erabat identifikatzen gara nazio izateko gure eskubidea aldarrikatuz".

Horrekin batera, erabat gaitzesten dute Errusiaren erasoaldia. "Erabat gaitzesten dugu Putin diktadore basatiaren inbasioa eta Ukrainan sortzen ari den sarraskia. Basati horrek ez ditu ez ospitaleak, ez umeak, ez giza korridoreak eta ez Nazio Batuen bete beharrak errespetatzen. Elgetan badugu orain aukera ahal dugun neurrian laguntzeko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak