Etxebizitza partekatua, hiru gazterentzat aukera

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urt. 27a, 15:24

Medikuaren etxea izan den etxebizitzan obrak egin ditu Elgetako Udalak. Gazteentzat zuzenduta, alokairuko etxebizitza partekatua egiteko helburuarekin egin dituzte, eta herriko gazteei informazioa helarazi diete, ekarpenak eta proposamenak jasotzeko.

Elgetan bada arazo bat beste hainbat herritako bizilagunek ere sufritzen dutena: etxebizitza. Zenbait etxe hutsik daude, baina alokatu gabe dituzte beraien jabeek kasu askotan, edo horien prezioa handia da askorentzat. Egoera hori zuzenean gazteek sufritzen dute sarritan, eta, emantzipatzeko dituzten arazoak ikusita, gazte bati alokatzea barik, etxe partekatu baten ideia proposatu eta hiru gazterentzat lekua egokitzeko lanak egin dituzte Elgetako plazan, udal jabetzako etxebizitzan.

"Plazako etxebizitza azken 30 urteetan, behintzat, Elgetako Udalaren jabetzakoa izan da, nik dakidala. Herriko medikuaren etxe moduan erabili izan da; alokairua ordaintzen zion Udalari, eta erretiroa hartu zuen arte berak erabili du. Etxebizitza hutsik geratu zenean, behar berezi bat zuen familia bati alokatu zitzaion urtebetez, eta kon-tratua amaitzean, aztertzen aritu ginen zein erabilpen izan zezakeen, batez ere, herriarentzat ahalik eta aproposena izango litekeen zerbait egiteko asmoz eta erabilpena ahalik eta zabalena izateko. Aurreko parte-hartze prozesuetan, herriko gazteek emantzipatzeko duten beharra ikusi zen, eta, hori horrela, etxebizitza partekatu bat egitea erabaki dugu", adierazi du Iraitz Lazkanok, Elgetako alkateak.

Eraberritze lanak

2020. urtearen amaieran egin zituzten udal jabetzako etxebizitzako lanak, eta etxea goitik behera berritu dute: lurra aldatu, paretak margotu, argiak eta leiho berriak jarri... Egongela, sukaldea, trastelekua, komun bat eta hiru logela ditu etxebizitzak, eta 35.000 euro inguruko aurrekontua bideratu dute eraberritze lanetarako. "Lanei dagokienez, aipatzekoa da Elgetara etorri berri den Servimasa enpresak doanik jarri digula sukaldea, eta Udalaren partetik eskertu beharrean gaude herriko enpresa honek izan duen inplikazioa", adierazi du Lazkanok.

Elgetako etxebizitza partekatutako sukaldea.

Elgetako etxebizitza partekatuko logeletako bat.

Ekarpenak jaso nahian

Gazteei zuzendutako etxebizitza partekatuaren alokairurako arautegiaren zirriborro bat egin zuen Elgetako Udalak, eta errentan joan nahi duenak bete beharreko ezaugarriak adierazteko eta ekarpen zein proposamenak jasotzeko bilera deitu zuten udal ordezkariek abendurako. Batzarrera jende gutxi agertu arren, ideiak interesa piztu zuela adierazi du Lazkanok: "Bi gazte soilik agertu ziren bilerara, baina beste hainbat interesdunek esan ziguten ezin izan zirela agertu. Hori horrela, urtarrilean, zirriborro hori 18 eta 30 urte bitarteko gazte guztiei bidali diegu, posta elektronikoz, bertan duten estekaren bitartez deskargatu ahal izango dutena, eta bertan proposamenak egin. Posible ikusten badugu, osoko bilkurara eraman beharko genuke, eta onartu. Feedbacka positiboa da, oraingoz, baina, hasiera batean, partekatutako etxea izateko prestatu dugu; ez bada aurrera irteten, bestelako erabilpen bat emango genioke".

Helburu garbia

Interesa duenak zenbait baldintza bete beharko ditu. "Urteko diru sarrera kopuru maximoa egongo da, 26.000 euro ingurukoa, eta ordaindu beharreko alokairua errentaren araberakoa izango da. Gutxienez, 90 euro izango dira hilabetean, gastuak barne". Horrekin batera, Lazkanok nabarmendu du etxebizitza partekatuaren helburua ez dela bizi osorako alokairu bat eskaintzea, bi edo hiru urterako alokairua izango litzateke, gurasoen etxetik irten berri diren gazte horientzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak