Zeintzuk dira hitzaldian hizpide izango dituzuen pornografiaren itzalak eta argiak?
Pornografia aspalditik dago gure artean, eta kezka handienetakoa da ze eragin duen. Hezkuntza sexual integrala bagenu, ez litzateke hain kaltegarria izango. Tamalez, oraindik ere, hutsune handiak ditugu alor horretan, eta, hori horrela, pornografiak baditu arrisku batzuk. Erabiltzaile asko –gazteak ditut bereziki gogoan– ez daude prest eduki horiek ulertzeko eta kudeatzeko. Pornografian azaltzen den eredu erotikoa zein da? Hori bada sexualitatearekin lotuta gure gazteek duten erreferentzia bakarra, ba, pentsa! Eta haurrek eskura dute pornografia gaur egun. Ohikoa da Interneten gabiltzala leiho bat agertzea pornografikoa den edukia eskainiz. Argiei dagokienez ez dira asko, baina egia da zenbait egoeratan sexologook erabiltzen dugula pornografia baliabide moduan gure kontsultetan. Esaterako, eszitazio sexuala sustatzeko, bikote harremanak lantzeko, norbanakoentzat... Baina, betiere, sexu hezkuntza baten aterkipean, eta ulertuz zer gertatzen ari den.
Jarraibide batzuk ere emango dituzu, orduan?
Hizpide izango dugu, bai. Pornografian ikusten den erotika eredua koitoan zentratutakoa da, eta oso genitalizatuta dago. Hala, unibertso oso bat gelditzen da kanpoan. Zer-nolakoak dira pornoan agertzen diren maskulinitate eta feminitate ereduak? Rolak nolakoak dira? Sexu heziketan hutsune handiak daude, eta familietan ahal duguna egiten dugu, baina baliabideak falta zaizkigu. Nola hezi ere hizketagai izango dugu, bai.