Literatura erotikoa erdigunean jartzen duen Bibliobero zikloa ez da berria Elgetan. Pornografiaren argiak eta itzalak izango ditu hizpide Mahibar&Co sexologia zerbitzuko Ainara Brusau Salaberriak eguaztenean. Sexologoa eta gizarte langilea da, eta 18:30ean hasiko du hitzaldia. Amaieran solasaldia egiteko aukera ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Elgetan aurretik ere ezaguna den Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariak hartuko dio lekukoa. Erotik, zerotik, berotik ipuin saioa egingo du hilaren 18an. Adin eta jatorri askotariko protagonistekin osatutako kontakizunak dira –emakumezkoak gehienak–, eta erotismoarekin lotutako pasadizo bitxiak bezain dibertigarriak bizi dituzte.
Porno vs Afrodita (edo I love #gorkaurbizu) antzezlana, berriz, hilaren 27an izango da. Gaztetxe batean kokatzen da istorioa. Kontzertu aurreko soinu probetan, "hainbat zalantza, grina, ezintasun, aseezintasun eta beste horrenbeste ergelkeria sexual eta afektibo" sortzen dira.
Bibliobero interesgunea prest aurkituko dute erabiltzaileek liburutegian. Literatura erotikoa eta sexualitate liburuak daude bertan.
Ipuin kontaketa tailerra
Bibliobero ziklotik kanpora ipuin kontaketa tailerra ere iragarri dute udal liburutegitik. Amaia Elizagoienek gidatuko du eta ordu eta erdiko lau saio izango dira hilaren 16an hasita. Interesatuek aurrez eman behar dute izena. Argibideak liburutegian daude eskuragarri.