Aurreko udal aurrekontuarekin alderatuta 140.000 euroko gehikuntza du 2022koak; %8,47ko hazkundea. Inbertsioen atalean diru-lerrorik handiena San Roke kaleko irisgarritasun lanetarako da. Horrekin batera nabarmentzen dira frontoiko teilatuko plaka fotovoltaikoen proiektua, herriko lursailak digitalizatzeko egitasmoa zein skate parke berria eta San Roke ermitako lanak. Iraitz Lazkano alkateak azpimarratu du igoera nabarmena izan dela, baita ere, etxez etxeko zerbitzuan. "Partida hori 28.000 eurotik 52.000 eurora igo da. Zerbitzua gero eta gehiago eskatzen da, eta esleipen berria egindakoan orduka jarritako prezioa %25 igo da".
Oposizioak, kontrako botoa
EAJko ordezkariek ez dute aurrekontua babestu. "Batez ere, ez dugulako etorkizunerako planteamendurik ikusten inolako norabidetan", azaldu du Aintzane Oiarbidek. Jeltzaleak oso kritiko agertu dira plaka fotovoltaikoen proiektuarekin. "Egitasmoa bat dator gure helburuekin, baina akats izugarriak daude txosten horretan, eta inpresioa dugu korrika eta presaka aurkeztu dela (...) Esaterako, hogei kilowatt ez direla inolaz ere 120 metro karratutan sartzen, eta zalantza handiak ditugu Elgetan 1.289 eguzki erradiazio ordu egotearekin. Gainera, ez da gure lankidetzarik eskatu. Batzordeetan ez da gurekin ezer landu nahi izan. Zergatik?". San Roke kaleko konponketa lanen proiektuarekin ere kezka dute: "Ikusten dugu oso erraz jartzen edo kentzen dela aurrekontutik, eta horrek ez digu batere konfiantzarik ematen nahiz eta gu proiektu hori egitearen alde egon". Hiri-altzarien mantentzeangehiago egin behar dela azpimarratu du oposizioak.
Plaka fotovoltaikoen txostena hasierako estimazio batean oinarritzen dela erantzun zuen Lazkanok. Horrekin batera, esan zuen herriko baranda gehienak margotu direla, eta aurten 11.000 euro inbertitu direla zeregin horretan. Onartu zuen oraindik ere badela zer egina eta horregatik onartu dela partida handiagoa 2022rako. Zehaztu zuen, bestetik, San Roke kaleko lanak egiteko 100.000 euroko mailegua eskatuko duela Udalak.