Elgetako EH Bilduk esan du behar diren eginbide juridikoak egingo dituela goi-tentsioko linea berriaren kontra

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko abe. 4a, 18:24

Salatu dute Eusko Jaurlaritzak  herrien araudiaren gainetik inposatu nahi dituela era honetako proiektuak, ingurumen legeari jarritako emendakinen bitartez. Jakinarazi dute, baita ere, Udal Gobernuak garatu duela  frontoiko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektua Goiener kooperatibarekin elkarlanean.

Elgetako EAJk martitzenean egindako adierazpenei erantzuna emanez Elgetako EH Bilduk baieztatu egin du 400Kv-ko hirugarren goi-tentsioko bidea egin asmo dagoela Elgetan. "Gueñes Itsasoko argindar lerroa oraindik bukatu gabe dagoen honetan, honekiko paraleloa den beste lerro bat egiteko asmoa adierazi dute. 400Kv ko hirugarren lerroa izango litzateke, eta goi-tentsioko seigarrena. Zaragozan egin nahi dute parke fotovoltaiko erraldoi baten sortutako argindarra Gatikara garraiatzeko egin nahi dute lerro hau", azaldu dute. "Mota honetako proiektuen aurka gaude, erabat. Gure alternatiba, bertan ekoiztutako energia, bertan kontsumitzeko. Lerro honen kontra behar diren eginbide juridikoak egingo ditugu, Gueñes Itsasokoarekin egin genuen bezala. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ingurumen legeari jarritako emendakinen bitartez herrien araudiaren gainetik inposatu nahi ditu era honetako proiektuak", gaineratu dute.

 

Proiektuaren nondik norakoak

 

Udal Gobernu taldetik azaldu dute aurretiko administrazio baimena eta ingurumen eragineko deklarazioa lortzeko sartutako espedientea deuseza dela, "tartean udal honetan ez delako aurreproiekturik aurkeztu, eta babesgabetasun egoeran utzi duelako udal hau. Energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dugu, baina gutxi du berriztagarritik proiektu honek. Gueñes Itsaso lerroak Elgetako lur eremuaren %4ari eragin zion, eta horien laurdena botatako basoak izan ziren. Ehundaka urteko pagoak tartean. Proiektatutako lerro berriaren eragina ez litzateke txikiagoa izango. Badirudi lerro berri honek udal hirigintza araudian babestutako gune bezala izendatutakoak zeharkatuko dituela".

 

Frontoiko teilatuan plaka fotovoltaikoak

 

"Elgetako EH Bilduren Udal Gobernuak garatuta du Goiener kooperatibarekin elkarlanean frontoiko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektua", azpimarratu dute. "Asmoa da 44 panel jartzea herriko udal eraikinak hornitzeko. 2022ko aurrekontu zirriborroan ere jasota dago diru-lerro bat proiektua gauzatu ahal izateko".

 

Hain zuzen ere, 30.000 euroko diru-lerroa dago aurreikusita aurrekontu zirriborroan. Goienerrek egindako proiektuan ikus daiteke inbertsioa 21.780 euroko izango litzatekeela, BEZ barne. Soberakinen konpentsazioa kontuan hartu gabe Elgetako Udalak 6,9 urtean amortizatuko luke inbertsioa, proiektu horren arabera. 

 

"2021. urtean zehar, Debagoieneko Energia mahaiarekin Elgetan energiaren alorrean egin daitezkeenak aztertzen ibili gara. Horien artean kiroldegiko teilatuan Elgetako eraikin publikoak hornitzeko plaka fotovoltaikoak jartzea. Goiener kooperatibarekin elkarlanean jardun gara, eta azaroaren 22an jaso genuen proiektua. EH Bilduko Udal Gobernuaren ekimenez eginda dago, beraz, proiektua".

 

Udalak Goienerrekin egin duen proiektuaren arabera 120 metro karratuko azaleran 44 panel jartzea da asmoa. "Urteko aurreztea 2.707 eurokoa izango da, 65.590 eurokoa 30 urtean, hain zuzen. Urtean 25.794 kWh sortuko ditu, eta osotara 64.587 kWh kontsumitzen dira Elgetako udal eraikinetan. Honek, zazpi urte baino gutxiagoan inbertsioa amortizatzea ekarriko duen aurrezpen ekonomikoaz gain, hurrengo 30 urtetan airera 223 tona C02 isurtzea ekidingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak