Elgetan ere hirugarrenez antolatu dute hitanoa berreskuratu eta bultzatzeko ikastaroa. Juan Martin Elexpuruk, ikastaroko irakasleak, hitanoaren transmisioak zertan huts egin duen azaldu du: "Badira hitanoaren erabilera galtzear egotearen zenbait arrazoi. Baina kontuan izan behar dugu euskara bera ia galtzear ere egon dela. Horregatik, hika bigarren mailara igaro zen. Hala, transmisioan asko galdu da, eta gurasoek ez diete seme-alabei irakatsi. Euskaldun berri asko ere sortu da, eta horiei ere ez zaie hitanoa irakatsi eta transmititu".
Zorionez, baina, egun gizartean badagoela hitanoa ikasteko gogoa eta nahia azaldu du: "Hikak asko ematen du. Lagun arteko eta konfiantzazko giro beroa sortzen du. Etxera iritsi eta zapatilak jartzea bezalaxe da: gertutasunaren isla da; halaber, borrokan ere hika erabiltzen da. Hikak halako berbeta bero bat ematen du".
Maiz, ordea, hitanoa ez da ondo erabiltzen; gehientsuenetan, ez beti, belaunaldi gazteen artean. Baina zer da hobea, hika gaizki erabiltzea edo ez erabiltzea? Zalantzarik gabe, erabiltzearen aldeko hautua egin du Juan Martin Elexpuruk: "Hizkuntza bat erabili egin behar da; beraz, hitanoa beldurrik gabe egin behar dugu; baita zuka ere. Denak erabiltzearen aldekoa naiz. Alboan lagunen batek zuzentzen bagaitu, ondo, baina erabili, erabili egin behar dugu hitanoa".