Otsailean koko-dantzak egin nahi dituzte Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urr. 16a, 10:00

Lanean da talde eragilea eta otsailaren 19rako iragarri dute koko-batzea. Konpartsa osatzeko eta jantziak prestatzeko unea da orain. Herriko gazteak erakartzea izango da beste egiteko nagusietako bat. Ozkarbi elkartearekin elkarlanean egingo dute deialdia.

Elgetan martxan da Aratusteetan koko-dantzak egiteko egitasmoa. Goibeko euskara elkarteak deituta, aurreko asteko eguenean egin zuten lehenengo erabakiak hartzeko batzarra, eta adostu zuten gauzak ondo bidean Aratuste aurreko zapatuan egingo dela koko-batzea. Hau da, datorren urteko otsailaren 19an.

Eske-erronda bat da koko-batzea. Erritual bat da non kantua, zarata eta pertsona desitxuratuak diren protagonista. Etxean dauden osagaiekin osatzen dira koko-jantziak. Trapu zaharrak, loredun kapela konikoak, zintzarriak eta txuntxurroak dira osagai nagusiak.

Eibarren 2008an berreskuratu zuten koko-eskea. Hain zuzen ere, Oier Araolaza antropologoak hitzaldia egin zuen otsailean Elgetan. Azaldu zuen zein den koko-janztearen esanahia eta baita ere koko-batzearen funtzioa. Alde batetik, Inauteriak aldenduta dauden baserrietara eramatea da, eta, bestetik, festa iniziatikoa aurre-helduaroan dauden belaunaldiendako. Helduen komunitatean sartzeko errituala, alegia.

Ildo beretik joko dute Elgetan ere. Aurreko belaunaldietako elgetarrek utzitako lekukotzek erakusten dute, gainera, koko janzten zela jendea herrian, eta koko-batzea edo koko-eskea ere egiten zutela baserriz baserri. Ahotsak.eus egitasmoak jasotako testigantzetan entzun daiteke; besteak beste, Juan Erostarberi eta Sebastiana Atorrasagastiri jasotako lekukotzetan.

Oinarrizko pertsonaiak aurten

Gauzak horrela, lehen urte honetarako helburua da konpartsa osatzea gutxieneko elementu batzuekin, eta Hartzaren figura ezinbestekoa da. Bi lagunek hartu dute mozorro hori prestatzeko ardura.

Dantzari taldea ere beharko da, eta horrekin batera, nola ez, kokoen taldea. Trikitilaria eta bertso-koplaria ere izango ditu konpartsak. Fan- dangoa eta arin-arina izango dira konpartsaren dantza ikurrak. Horrekin batera, helburua litzateke dantzari taldeak Egoarbitza dantza ikastea. Herriko dantza izanik, ahalegin hori egitea adostu zen.

Egitarauaren zirriborroa

Gutxi gorabeherako egitarau bat ere zirriborratu dute. Egun osoko festa eguna izango da. Taldea goizeko zortziak aldera elkartuko da plazan. Lehenengo egitekoa gosaltzea izango da, eta 09:00etan abiatuko da Inauteriak baserriz baserri eramateko. Hain zuzen ere, asmoa da sei bat baserri bisitatzea goizean, eta taldean bazkaldu ostean beste bizpahiru bisitatzea arratsaldean.

Herriko belaunaldi gazteengana heldu nahi dute, orain, antolatzaileek. Ozkarbi elkartearen lankidetzarekin zabalduko dute informazioa hurrengo asteetan. Koko-dantzak zer diren azaldu eta parte hartzera gonbidatuko dituzte 16, 17 eta 18 urteko neska-mutikoak. Izan ere, Araolazak elgetarrei azaldu moduan, gazteak dira ospakizun honetako protagonistak. "Plana da parranda egitea baserriz baserri jasotakoarekin, eta ez da arinkeria bat. Baserriz baserriko ibilbide horretan, etorkizunean helduen komunitateko kide oso izango diren gazte horiek ikasten dute herriaren lurraldetasuna, mugak, bakoitza non bizi den, ze bide dauden toki batetik bestera joateko, etxe bakoitza non dagoen eta nor bizi den bertan... Gaztea, azken finean, etxe guztietatik pasatzen da urtean behin, eta horrek ezagutza ematen dio bera parte izango den komunitate horren lurraldetasunaren inguruan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak