Euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzeko ikasturteko eskaintza aurkeztu du Elgetako Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 10a, 12:30

Urrian abiaraziko dute ikasturtea euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea helburu duten ekimenek. A2 mailako ikastaroa herrian bertan egiteko aukera izango da aurten. Hitano ikastaroa egitea ere aurreikusten dute. Gainerakoan, mintzalagun taldeak osatzeko bidelagunak eskatu dituzte. Izen-emateak zabalik dira.

Hizkuntza ohituretan euskararen presentzia indartzeko helburuarekin, askotariko ekimenak izango dira martxan ikasturte honetan ere, eta proposamen berriak izango dira tartean. Eguaztenean egin zuten eskaintzaren aurkezpena Iraitz Lazkano alkateak eta liburutegiko arduradun zein Elgetan Berbetan egitasmoko koordinatzaile Geaxi Ezpeletak.

Nobedadeei dagokienez, urritik ekainera bitartean herrian bertan eskainiko den A2 mailako ikastaroa nabarmendu zuten. Horrekin batera, oinarrizko hitano ikastaro bat, gauzak ondo bidean eta taldea sortuz gero udazken edo negu partean egingo dena.

A2 mailako ikastaroa AEK-ko irakasle batek gidatuko du. "Aurten apustu berezia egin gura dugu euskalduntze edo alfabetatze akademikoago batean", azaldu du Lazkanok. Ezpeletak gaineratu du badela herrian bizpahiru urtez Euskaralagun taldean aritu den jendea prest egon daitekeena A2 mailako ikastaroa egiteko. "Pauso hori emateko aukera dagoela ikusita dator ikasturte osoko ikastaro formalagoa antolatzeko saiakera", esan du.

Hitano ikastaroak bestelako formatua izango du. Ez du ikasturte osoko iraupena izango, eta antzekotasun handiak izango ditu 2017an egindakoarekin. Bina orduko lau saio izan ziren Elgetako hitanoaren oinarrizko ezagutza jasotzeko. "Helburua da hitanoa sustatzea eta martxan den Hikalagun taldea indartzea".

Gainerako dinamikak

Gainerakoan, herritarrek aukera izango dute azken sei urteotan martxan diren Elgetan Berbetan mintzapraktika saioetan parte hartzeko. Askotariko modalitateak izan dituzten taldeak sortu izan dira. "Kuadrilla barruko taldeak, guraso taldeak, bestelako taldeak...", azaldu du Ezpeletak.

Martxan izango dira, baita ere, liburutegitik antolatzen diren Hitzez Pitz Berbalagun irakurketa klubeko saioak. Euskara hutsetik ikasi nahi dutenendako, berriz, Euskaralagun taldea eskainiko da. Ahozko ulermena lantzen da bertan.

Herrian bertan gauzatzen diren ekimenak dira guztiak. Herritik kanpora ikastarorik egiten duten herritarrei begira, berriz, Lazkanok gogorarazi du 900 eurora arteko dirulaguntza lerroa duela Udalak matrikula gastuak dituztenen artean banatzeko.

Bi hutsune esanguratsu

Mintzapraktika taldeak boluntarioekin osatzen dira eta hutsuneak nabarmentzekotan bi aipatu ditu Ezpeletak: "Aurreko ikasturtean bidelagun falta izan genuen, eta horrek ordutegiak bateratzea zaildu zuen apur bat". Bidelagunak dira euskaraz jariotasunez hitz egiten duten hiztunak, eta bidelariei mintzapraktika egiten laguntzen dietenak. "Talde txikiagoak izan arren bidelagun gehiago izateak saihestuko luke ez gelditzea bidelaririk bidelagunik gabe. Pena da bidelariak egonda bidelagunak falta izatea".

Hikalagun talderako, berriz, gizonezko hiztunak eskertuko lituzkete; izan ere, modu horretan, bidelariak hobeto trebatuko lirateke hitanoaren bi erregistroetan. "Oso ondo etorriko li- tzateke taldea guztiz osatzeko".

Izen-ematea zabalik

Talde horiek guztiak zein A2 mailako ikastaroa urrian jarriko dira martxan, eta zabalik da izen-ematea. Informazio zuzena jaso nahi dutenek liburutegira jo dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak