Gauzak alda daitezkeela sumatuta proiektu berriak lantzeko une interesgarria dela esan zuten, atzo, bai Bidezko Elikadura taldeko Eneko Viñuelak bai Ereindajan kooperatibako Ainhoa Narbaizak.
Guraso elkartearekin elkarlanean, informazio hitzaldia eskaini zuten, eta gaiak interesa piztu zuen; izan ere, 27 lagun elkartu ziren; horietatik 23, Elgetako eskola komunitatekoak.
Hasiera puntuan
Elgetako eskolak ez du sukalderik eta eredu berria litzateke bertako ekoizleen produktuekin eta bertako sukaldean prestatutako menuak eskaintzea.
Jangela zerbitzu jasangarri eta pedagogiko baten aldeko diskurtsoa egin zuten hizlariek, eta horrekin batera kalitatezko zerbitzua aldarrikatu.
Maala guraso elkarteko ordezkariak hasita daude udal arduradunekin hartu-emanetan, eskolaren azpian dagoen antzokiko sukaldea erabiltzeko aukera mahai gainean jartzeko. "Erantzuna, berez, baiezkoa da, baina, oraingoz, ez dago proiektu zehatzik, eta airean dago dena", adierazi du guraso elkarteko Ikuska Lizarraldek.
Viñuelaren gomendioa da urratu daitezkeen bideak aztertzen hastea. Aurreikusten du Jaurlaritzak laster aldatuko duela indarrean duen arautegia, eta eredu aldaketak egiteko aukera interesgarriak zabalduko direla.
Bizkaiko lau ikastetxetan egindako esperientzia pilotuek, bestetik, bidean ikasitako ekarpen interesgarriak utzi dituzte. Elgetako eskolaren ezaugarriengatik eta tamainarengatik, baikor agertu da. "Udala prozesuaren alde dago. Ikastetxeko zuzendaritzarekin eta jantokiko langileekin elkartzen hastea komeniko litzateke orain".