Ainara Sangroniz: "Jakiak ondo mantentzeko polimeroak garatzen ditut"

Hasier Larrea / Txomin Madina 2021ko mai. 4a, 10:55

CAF-Elhuyar saria jaso berri du Ainara Sangronizek. Hain zuzen ere, doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikulu onenaren saria eman diote. Kanpoan, AEBko Coloradon da Sangroniz. Handik eman ditu bere lanaren gaineko xehetasunak Kimikan doktorea den elgetarrak.

Hasteko, zer dira polimeroak?

Material makromolekularrak dira. Polimeroen barruan sartzen dira ontziratzean erabiltzen diren plastikoak eta plastiko-poltsak, esaterako. Pneumatikoak egiteko erabiltzen diren kautxuak ere polimeroak dira.

Zertan datza zure lana?

Ontziratzen diren elikagaien kalitatea eta segurtasuna hobeto mantentzeko egiten dut lan. Elikagaiak ondo babestuta ez badaude, mikroorganismoak sortzen dira elikagaietan; esaterako, koipeak oxidatu egiten dira, eta jakiaren zaporea kaltetu. Nire lantaldean bi estrategia lantzen ditugu: alde batetik, polimero biodegradagarrien erabilera, eta, bestetik, kimikoki birziklagarriak diren polimeroen erabilera.

Ze desberdintasun dago bien artean?

Biodegradagarriak dira baldintza egokietan biomasarekin, urarekin eta halako substantziekin degradatzen direnak. Horiekin ez dira hondakinak sortzen, baina arazoa da ez direla merkaturatzeko egokiak, kanpoko gasei pasatzen uzten dietenez elikagaiak hondatzen direlako. Gainera, oso hauskorrak dira. Bestalde, kimikoki birziklagarriak diren polimeroak, behin erabilita, hasierako materiala berreskuratzeraino berrerabili daitezke, berriz sintetizatzea ahalbidetuz.

Ze hobekuntza txertatu dituzue bi estrategiekin?

Polimero biodegradagarrien kasuan, horien propietateak hobetzeko beste material batekin nahasten ditugu. Aldi berean degradazio abiadura mantentzen dutenez, posible da merkaturatzeko erabiltzea. Kimikoki birziklagarriak diren plastikoen abantaila da, mekanikoki birziklagarriak diren plastikoekin gertatzen ez den bezala, behin eta berriz erabili daitezkeela. Orain arte, mekanikoki birziklagarriak diren polimeroak erabili dituzte kimikariek elikagaiak ontziratzeko orduan, baina, birziklatze prozesuan tenperatura altuak erabiltzen direnez, materiala hondatu egiten da, eta behin eta berriz erabiltzea eragozten du.

Kimikoki birziklagarriak diren polimeroak ezagunak ziren. Zergatik ez dira elikagaien ontziratzean erabiltzen?

Ez direlako aplikazioetarako bideratu. Guk diseinu polimero bat garatu dugu, materialen propietateak modu egokian tratatuz. Lortu dugu erakustea posible dela kimikoki birziklagarria den plastikoa ontziratzerako erabiltzea.

Espero zenuen CAF-Elhuyar saria jasotzea?

Ez. Plastikoek nahiko fama txarra baitute gaur egun, ingurunean sortzen duten kalteagatik, batez ere. Egia da plastikoak arazo larriak sortzen dituela ingurumenean, hondakinen kudeaketa desegokiagatik, baina beharrezkoak dira elikagaien segurtasuna eta kalitatea bermatzeko.

Gainera, zure ahizpa bikiari eman zioten sari berbera iaz.

Bai. Batera ikasi dugu Kimika, eta biok espezializatu gara polimeroetan. Diferentzia da bera aplikazio orokorretan dabilela lanean eta ni, berriz, ontziratzean.

Ez zinen sari banaketan egon, eta beste pertsona batek jaso zuen zure ordez.

Coloradon bainago! Tesia egiten ari nintzela egonaldi bat egin nuen bertan; oso gustura egon nintzen eta tesia amaituta gero berriz itzuli nintzen, apirilaren 1ean. Coloradoko Unibertsitate Estatalean nabil lanean orain. Aurretik EHUn eta Polimat Institutuan aritu naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak