Seinalatuak dira Elgetan apirilaren 20tik 24rako egunak. Iazko ekitaldiak atzeratu beharra izan zen pandemia egoeragatik, baina, neurri bereziak hartuta bada ere, aurten horiekin aurrera egitea erabaki dute Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Elgetako Udalak.
Elgetako ekitaldia apirilaren 24an izango da, 12:00etan, Espaloian. Bertan, Elgetako zein Antzuolako haur erbesteratuak izango dituzte gogoan, eta, elgetarrei dagokienez, Pilar Gorrotxategi Basauri eta Jose Luis Arantzeta Arregi izango dituzte gogoan. Antzuolako Rosa eta Azucena Ortiz de Lejarazuk ere jasoko dute omenaldia.
Ez da ekitaldi luzea izango. Udal ordezkariek zein Intxorta 1937 kultur taldeko kideek hitza hartu ostean, ikus-entzunezko labur bat izango da ikusgai, non jasotzen diren erbesteratuak izan ziren askotariko protagonistei asteotan grabatutako pasarteak. Aurreskua eskainiko zaie omenduei, eta Iñigo Arregiren Egiaren iturria oroigarria jasoko dute. Jose Luis Arantzeta 2009an hil zen, eta senitartekoek jasoko dute. Pilar Gorrotxategi, berriz, 2013an hil zen, eta Hendaian bizi den semea zen oroigarria jasotzekoa. Muga itxita egonik, ordea, ezingo da etorri, eta asmoa da oroigarria Hendaiara eramatea, horretarako aukera dagoenean.
Leku mugatua izango da Espaloian, eta gonbidapena beharko da bertaratzeko.
Ikerketa lanak, aurrera
Artxibo historikoetan ikertzen jarraitzen dute Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek. Asteon izan da ordezkaritza bat Alcala de Henaresekoan, esaterako. "Ziurrenik identifikatuta ez dauzkagun gerrako ume gehiago egongo dira", azaldu du Villak. Horregatik, laguntza eskatu dute inork halako kasurik ezagutuz gero harremanetan jarri eta jakitera emateko.
Omenduko dituzten bi elgetarrak

