Gerra Zibilean umeak izandako debagoiendarrak omenduko dituzte apirilaren 23an eta 24an

Hasier Larrea 2021ko mar. 23a, 15:38
Intxorta 1937 kultur elkarteko kideak, Iraitz Lazkano alkatea eta Ane Bilbao kultura zinegotzia Emakume Erresistenteen plazan.

1936ko irailean 4.500 debagoiendar baino gehiagok egin zuten alde Euskal Herritik. Horietatik ia 500 adin txikikoak zirela ondorioztatu du Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, eta iaz egin ezin izan zieten omenaldia egingo diete aurten identifikatuta dituzten eta oraindik bizi diren 51 gerrako umeri.

"Datuak behin betikoak ez diren arren, gaur egun 473 adin txikiko zenbatu ditugu", adierazi dute Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideek gaur eguerdian Elgetako Espaloia kafe antzokian egindako prentsaurrekoan. 1936an 0 eta 16 urte artean zeuzkaten haurrez eta urte hartan erbestean jaiotakoez ari dira, eta zein herritakoak ziren ere jakin ahal izan dute: "Arrasateko 282, Bergarako 104, Aretxabaletako 33, Oñatiko 28, Elgetako 2, Eskoriatzako 16 eta Antzuolako 8".

Horietako 51 lagun bizirik daude eta bailaran bizi dira, gazteenek 84 urte eta zaharrenek ia 100 urte dituztelarik: "Guztiek jasan zuten erbeste tragiko hau haurrak zirela, horregatik merezi dute omenaldi duina". Arrasatearrak dira gehienak, 32 guztira, eta segidan datoz, hurrenez hurren, bergararrak, aretxabaletarrak, oñatiarrak, elgetarrak eta antzuolarrak. Ondorioz, herri horietan egingo dituzte omenaldiak, Antzuola salbuetsita, bertako gerrako umeak Elgetan omenduko baitituzte Elgetakoekin batera.

Asmoa omenaldi bateratua egitea bazen ere, COVID-19ak ekitaldiak herriz herri eta formatu txikiagoan egitea eragin du, Iraitz Lazkano Elgetako alkateak aipatu bezala, "segurtasun neurriak bermatzeko".

 Jarraian ageri da herriz herriko omenaldien kokapena eta ordua:

  • Apirilaren 23an, 12:00etan, Bergarako Seminarixuan.
  • Apirilaren 23an, 18:00etan, Arrasateko Kulturateko klaustroan.
  • Apirilaren 24an, 12:00etan, Aretxabaletako Zaraia aretoan.
  • Apirilaren 24an, 12:00etan, Oñatiko pleno aretoan.
  • Apirilaren 24an, 12:00etan, Espaloia kafe antzokian.

Intxorta 1937ren eskaera

Nerea Villa Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak gaineratu du "ziurrenik identifikatuta ez dauzkagun gerrako ume gehiago egongo dela oraindik bizirik". Horregatik, laguntza eskatu diete debagoiendarrei, inguruan halako pertsonarik ezagutuz gero, webgunearen bitartez beraiekin harremanetan jartzeko eskaera luzatuz.

2020an ezin izan zuten pandemiagatik omenaldirik egin, baina aurten egingo diete: "Ordua da, berandu gabiltzanaren sentsazioa daukagu", aipatu du Intxorta 1937ko Juan Ramon Garaik.

Artxibo historikoetan ikertzen jarraitzen dute elkarteko kideek: "Salamancara, Alcala de Henaresera eta Madrilera joateko asmoa dugu, izen eta aurpegi gehiagoren berri jakiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak