Herriko kontsultan ari dira COVID-19aren kontrako txertoa jasotzen Elgetako nagusienak. 90 urtetik gorakoen ostean 80 urtetik gorakoen txanda izan da gaur goizean. Taldeka antolatuta 08:30erako zuten hitzordua lehenengoek.
Esperotakoa baino gehiago itxaron behar izan dute, azkenean; izan ere banaketa arazo bat izan da tarteko. Antzuolan ere gaur ziren txertaketa egitekoak, eta bertara bidali dituzte Elgetarako ziren txertoak ere.
Arazoa argituta ahal bezain laster ekarri dituzte txertoak Elgetara, eta berehala hasi da txertaketa prozesu 09:30ak pasatxo zirela.
Arin joan da txertaketa
Txertoak iritsi bezain laster hasi da Elgetako erizain Nestor Maidagan txertaketarako deitutakoen izenak esaten. Hala, txandaka joan dira kontsultan sartzen eta ziztada bana jasotzen. Txertoaren lehen dosia jaso ostean denek itxaron dituzte 10-15 minutu.
Esan behar da Maidaganek Osakidetzako beste bi erizain izan dituela gaur alboan, eta behin hasita arin joan da txertaketa.
Txertoak "lasaitua" ematen diela adierazi du elgetar batek baino gehiagok. "Neurriak hartuta bada ere trankilago ibiltzeko aukera" ematen diela esan dute.
Aspaldiko partez elkar ikusteko aukera izan da gaurko eguna asko eta askorendako. Bigarren dosia hartu beharko dute aste batzuk barru. Ordura arte agurtu du elkar batek baino gehiagok.