Txertatu dituzte Elgetako Eguneko Zentroko erabiltzaileak eta baita ere 90 urtetik gorako herritarrak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko mar. 15a, 11:11

Txertatu dituzte Elgetako Eguneko Zentroko erabiltzaileak; Pfizer txertoa jaso dute sei erabiltzaileek. 90 urtetik gorako herritarrak ere txertatu dituzte. Herriko osasun zentroan jaso zuten txertoa eta une oso hunkigarria izan zen aspaldiko partez elkar ikusteko aukera izan zutelako.

Elgetako Eguneko Zentroko erabiltzaileak martitzenean txertatu zituzten. Pfizer etxeko txertoa jaso zuten gaur egun eguneko zentroa erabiltzen duten sei erabiltzaileek; txertatzeke geratzen dira langileak.

90 urtetik gorako herritar gehienek ere jaso dute txertoa. Elgetako osasun zentroan txertatu zituzten aurreko astean. Pozik hartu zuten txertoa, eta une hunkigarriak bizi izan zituztela adierazi du Elgetako sendagile Elena Larramendik. Denbora luzez elkar ikusteko aukerarik gabe egon ostean txertoa hartzeko unea izan zen berriz ere elkar ikusteko aukera. Larramendik jakinarazi du Elgetako zentroan jarraituko dutela, oraingoz, txertaketarekin. Hurrengoak 80 urtetik gorako herritarrak izango dira.

Txertaketa Eguneko Zentroan

Zazpi lagunendako tokia dauka zentroak: gaur egun, sei erabiltzaile ditu; horietatik bi elgetarrak dira eta beste laurak, eibartarrak. Eguneko Zentroko arduradun Beatriz Guelbenzuk azaldu du otsail erdialdean bidali zituztela zentroko erabiltzaileen datuak Diputaziora: "Uste genuen guztiok txertatuko gintuztela, baina ez da horrela izan". Pfizer etxeko txertoa jarri diete nagusiei –adinari dagokionez ez du mugarik; izan ere, AztraZeneka 55 urtetik beherakoei ematen diete–, eta langileak ez txertatzeko arrazoia antolaketa izan da: "Pote bakoitzetik sei txerto ateratzen dituzte eta ez dute potea zabaltzen, ez badaude sei pertsona txertatzeko; AztraZenekarekin ere berdin: 10 lagunendako potetxoak direnez ez baldin badaude 10 pertsona, ez dira poteak zabaltzen". Multiplo hori gertatu ez zenez, langileak txertatu barik geratu ziren –zazpi langile dira, eta horietatik bi txertatuta daude, beste zentro bateko langileak ere badirelako–.

Txertoa jaso dutenek ez dute arazorik, minik edo bestelakorik izan: "Dena ondo joan zen, inor ez zen kexatu. Normalean, Pfizerren txertoak ez du arazorik ematen; beharbada, bigarren dosian... Hiru aste barru jarriko diete bigarrena".

Beatriz Guelbenzuk dio Elgetako zentroan inork ez duela eragozpenik izan txertoa hartzeko. "Uste dut txertaketa mugarria izango dela gure egunerokoan. Alde horretatik, oso pozik daude bai erabiltzailek eta baita familiak ere. Lasaitasuna eman die txertaketak".

Azken urteko balorazioa

Azkeneko urtea berezia izan dela aitortu du Guelbenzuk; hala ere, urte osoan itxi beharrik ez dute izan, eta pozik dago pandemiaren inguruan egin duten lanarekin. Gaineratu du: "Zentro txikia denez, erabiltzaile gutxi dituena, antolaketa arazoak izatea ohikoa da gurea moduko zentro batean. Hori kontuan hartuta, pandemiak ez du eragin handirik izan gure egunerokoan, esango nuke izan dela gutxien sufritu duen zentroa. Funtzionatzen genuen, eta dugu, familia baten moduan. Uste dut daukagun kasuistikagatik gutxien sufritu dugula pandemiara egokitzerakoan". Garraiorako txandak, jangelarako txandak, ordutegi bereiziak... ez dute horrelakorik egin behar izan, sei erabiltzaile besterik ez dutelako. "Alde horretatik, aldaketa handirik ez egin izatea ere onuragarria da erabiltzaileendako", dio arduradunak.

Hala ere, pandemiak berak eskatzen dituen segurtasun arauak zorrotz bete dituzte: irteerak eta sarrerak kontrolatu, higienea... "Egia da, orain, ariketa indibidualak gehiago egiten ditugula, eta ez horrenbeste taldeko ariketak", dio. Gainera, familien lana nabarmendu du: "Etxean PCR probaren bat izan dutenean, emaitza jakin arte ez dituzte zentrora ekarri". Hori horrela, itxierarik ez izateak asko lagundu duela dio; izan ere, bai psikologikoki eta baita zentroko antolaketan ere lagungarria izan da: "Trastorno kognitiboak dituzten nagusiengan asko igartzen da itxiera bat".

Elgetako zentroan bi pertsonak pasa dute COVID-19 gaixotasuna, eta ondo daude, zentroan berriro ere. Orain arte moduan jarraitzea da Guelbenzuren nahia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak