Lan eta harreman dinamika berriak jomuga

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mar. 18a, 11:02

Partaidetza prozesuaren bigarren eta azken saioa.

Elgetan egindako Danon Artian Elgeta 2030 partaidetza prozesuan enplegua eta lana, osasuna eta zaintza, lurraldea eta azpiegitura, eta herri identitatea eta oinarriak alorrak ere landu dituzte. Jasotako proposamenen artean daude elkarbizitza eta elkarlan dinamikak, bizitza aktiboa, herritar sareak, energia berdeak, etxebizitza plan bat, euskara, lan munduarekiko zubiak, inguruko herrien potentzialitatea...

Sei arlo izan zituen gogoeta gai Danon Artian Elgeta 2030 parte hartze prozesuak. Kirola eta kultura izan ziren horietako bi, baina gehiago ere izan ziren.

Enplegua eta lana

Datu bilketa egitea proposatu zuten herritarrek, jakiteko zenbat langilek diharduen Elgetan beharrean eta zenbat diren herritik kanpora joaten direnak. "Argazki bat izateko nola mugitzen den jendea", esan zuten.

Herriko enpresei formulario bat bidaltzea ere proposatu zuten. Alde batetik, datuak jasotzeko, eta, bestetik, galdetzeko ze profiletako langileak behar dituzten edota bestelako ze behar dituzten. Enpresen eta Udalaren arteko elkarlana iradoki zuten.

Mankomunitatearekin lan integraziorako aukerak aztertzea eta ikastaro proposamenak lantzea ere planteatu zuten.

Industria lanarekin batera digitalizazioaren garrantziaz ohartarazi zuten, eta esparru horretan sor daitezkeen aukerak aztertzea iradoki zuten, etorkizuneko aukerak izan daitezkeelako. "Ze lokal egon daiteke herrian halako jardueretarako?".

Herriko komertzioekin eta ostalaritzarekin elkarlana bultzatu beharra ikusten dute, esaterako, kanpainak egiteko, bonuak bultzatzeko... "Foro bat sortzea izan daiteke elkarlan hori bultzatzeko erreminta bat". Azkenik, inguruko herriek duten potentzialitate handiaz jardun zuten; izan ere, "150.000 bat biztanle daude ondoko herrietan".

Zaintza lanek ere aipamen berezia merezi izan zuten. Zaintza lanetan zenbat langilek eta zein egoeratan diharduten aztertzea proposatu zuten. "Lan baldintzak aztertzeko eta duintzeko", esan zuten.

Osasuna eta zaintza

Etxebizitza proiektuak bultzatzea proposatu zuten alor horretan. Etxebizitzak, non nagusien eta gazteen elkarbizitza sustatuko litzatekeen. Askotariko formulak egon daitezkeela azaldu zuten lantalde horretako kideek, eta Legazpiko esperientziaren adi- bidea eman zuten, non erabiltzaile bakoitza bere espazioan bizi den, baina zerbitzu bateratu batzuk partekatzen dituzten.

Herritarren arteko bizitza aktiboa sustatzeko ahaleginari buruz ere jardun zuten. Bergara Oinez, Legazpiko Tipi Tapa eta Ordiziako Ordizia Oinez eman zituzten adibide gisa, non herrian zehar ibilbideak egiteko aukera eskaintzen zaien nagusiei eta hain nagusiak ez direnei, kanpora irtetea bultzatuz eta harremanak zein herritar sareak sortzeko aukerak areagotuz.

Harreman digitalak alboratzeko eta aurrez aurrekoak bultzatzeko estrategiak bultzatu beharra ere agertu zuten.

Lurraldea eta azpiegiturak

Alor horretan hiru erronka nagusi identifikatu zituzten. Lehenengoa izan zen gazteek herrian bizitzen jarraitzeko azpiegiturak bermatzea, eta gazteek herrian jarraituko dutela ziurtatzeko etxebizitza plan bat lantzea proposatu zuten. Arauetan etxebizitza plan bat jasotzea, alegia.

Energia berdeen kontsumoan burujabetza urratsak egitea ere garrantzizkotzat jo zuten, eta bide horretan eman daitezkeen aurrerapausoei adi egon behar dela azaldu zuten. Alde horretatik, proposamenetako bat izan zen aliantza interesgarria izan daitekeela esparru horretan bailara mailan bere bidea egiten ari den D2030 proiektua.

Azkenik, garraio, naturagune zein irisgarritasun kontuetan dauden baliabideak mantentzea ezinbestekotzat jo zuten. Irisgarritasuna, ez soilik alor arkitektonikoan, baizik eta maila guztietan: kognitiboan, ulerkortasunean, informazioa zabaltzeko bideetan...

Herri identitatea eta oinarriak

"Orain arteko dinamikak aldatu behar dira", azaldu zuten. Azterketa sakona egin eta soluzio bat topatu behar dela azaldu zuten. "Garrantzitsua da Elgetaren izaera zaintzea. Herri txikia izanik, bere handitasunak ditu: elkar ezagutzeak laguntza sareak eraikitzeko aukera ematen du".

Euskara eta bertako euskalkia zaintzea ere ezinbestekotzat jo zuten, eta gehiago sustatu behar direla azaldu zuten.

Gazteak herriko partaidetzan nola murgildu ere izan zen beste aztergaietako bat. "Aktibatu egin behar dira gazteak", esan zuten. "Bergaran auzoetako gazteekin egindako dinamika izan daiteke adibideetako bat (...) Helduagoak diren gazteak bideratzaile izan daitezke gazteagoak direnen energiak asetzeko eta horretarako erremintak emanez –ekonomikoak, lokala, harremanak eskaini...–". Elgetako Gazteen Eguna egiteko proposamena egin zuten, esaterako.

Udalaren eta herriko elkarteen arteko kohesioa lantzeko dagoela ere esan zuten, eta komunikazio eta adostasun gehiago iradoki zituzten. "Elgeta ez da bakarra arazo hauek dituena, eta soluzioak, akaso, asmatuta daude. Aztertu beharko litzateke hori, eta, horrekin batera, ze laguntza jaso daitekeen kanpoko entitateetatik; esaterako Diputaziotik, Landa Garapenetik...".

Herritarrek egin dituzte proposamenak. Elgetako Udalak, orain, bertatik abiatuko du hurrengo Plan Estrategiakoaren idazketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak