Iraganera barik, aurrera begira jartzeko unea

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mar. 12a, 16:00

'Danon artian Elgeta 2030', bigarren lan saioa.

Hilaren 4an egin zuten, Espaloian, Danon artian Elgeta 2030 parte hartze prozesuaren bigarren batzar irekia. Aurreko saioan identifikatutako erronkei aurre egiteko proposamen zehatzak lotu, eta idatziz jasotzeko unea izan zen.

Bigarren herri batzarrean ere 24 herritar elkartu ziren, eta Amaia Zarrabeitiaren eta Idurre Zuazagastiren gidaritzapean egin zuten lan-saioa.

Lehen saioko egitekoa izan zen inkesta bidez jasotako erantzunak eta proposamenak aztertzea, eta horien araberako erronkak identifikatzea. Hala, bigarren saioko egitekoa izan zen erronka horiei aurre egiteko proposamen zehatzagoak egitea eta baliabideak, lankidetzak zein eredu inspiratzaileak identifikatzea. Nork bere gustuko alorra aukeratu, eta tamaina txikiko sei taldetan egin zuten gogoeta bertaratutakoek.

Kirola eta aisialdia

Kiroldegia zaharkituta dagoela eta eremu horretarako kirol jarduera handia dagoela nabarmendu zuten batzarrean. Proposamen artean irten ziren gaztetxea berritzea bi gela berri lortzeko eta kiroldegiari beste solairu bat egitea. Ondo baloratu beharreko gaia izanik gaur egungo kiroldegian oinarritzea akatsa izan daitekeela ere aipatu zuten; izan ere, duela 40-50 urteko premietatik eraikitako kiroldegia da.

Kirol eskaintza egokitzeko eta modernizatzeko premia ere ikusten zuten bertaratutako herritarrek. Premien inguruko kontsulta egitea proposatu zuten, eta alor horretan aipamen berezia egin zioten nagusienen aktibazioari.

Herriak natura-eremu oso zabala izanik kanpoko jarduerak bultzatzea premiazkotzat jo zuten, eta proposatu zuten mendizaletasuna bere modalitate guztietan bultzatzea, PR edo GR markak osatzea, eta bidegorriak egiteko aukerak lantzea. Asentzio natura-gune izateko lanketa egiteko beharra ere ondorioztatu zuten, eta autoak, parrilak eta suak aipatu.

Kultura erronkak

Antzokia izanik inkestetan txartoen baloratutako elementuetako bat, gaiaren inguruan gogoeta egiteko elkartutako herritarrek azpimarratu zuten kontinentea badagoela baina edukia dela indartu beharrekoa.

Iraganeko eredua atzean utzi eta etorkizunari begirako zerbait eraikitzearen alde agertu ziren, eta horrelako erabakiak hartzeko hausnarketa prozesu bat antolatzea ez zuten okertzat eman. Hain zuzen ere, adierazi zuten erabakitzeko dagoela Elgetak kulturalki zertan inbertitu nahi duen.

Antzokia sorkuntzarekin lotzeko aukeraz egin zuten berba: herritarrek erabiltzeko, Euskal Herriko taldeek entseguak egi- teko... Intxortarekin eta Mendi Federazioarekin lotzeko aukera ere aipatu zuten. Eta hori guztia, euskara zein komunitatea ardatz hartuta. Ikuspegi zabaletik pentsatzeko gaia dela baloratu zuten, eta inguruko herriak kontuan hartuta egin beharreko gogoeta.

Bestelako alorrak

Enplegua, osasuna eta herri identitatea ere landu zituzten batzarrean. Askotariko proposamenak irten ziren alor horietan ere, baina hurrengo artikulu batean lantzeko geldituko dira, oraingoz.

Elhuyarrek, orain, txostena aurkeztuko dio Elgetako Udalari, Danon artian Elgeta 2030 partaidetza prozesuak emandakoarekin. Gogoeta horretan irtendakoak oinarri hartuta landuko ditu Udalak aurrera begirako lan-lerro nagusiak eta idatziko du hurrengo plan estrategikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak