Zubi zaharren gainetik bide berriak eraikitzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mar. 5a, 15:00

Martxoaren 8ko elkarretaratzea, iaz.

Emakumeen Eguna aldarrikatuko dute Elgetan ere Martxoaren 8an. Elkarretaratzea dago deituta, 19:00etarako, plazan. Bezperan, Birritan bortxatua antzezlana izango da, Espaloian, eta biharamunean, hitzaldia egingo du Carlota Alfarok, liburutegian.

Euskal Herriko Emakumeen V. Mundu Martxak Irun eta Hendaia arteko zubian izango du amaiera ekitaldia bihar eguerdian. Hain zuzen ere, Zubi zaharren gainetik bide berriak irakur daiteke ekitaldi horretarako egindako zapietako batean. Debagoienetik ere hainbat zapi bidali dituzte; adibidez, Elgetakoa, non Paperak lortzeko behar den lan kontratua eskaini dioen.

Emakumeen Mundu Martxa amaitu bezain pronto helduko da aurten Martxoaren 8a. Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko elkarretaratzea dago deituta astelehenerako Elgetan. Plazan da hitzordua, 19:00etan. Leloa da: Elkarrekin lanean berdintasunerako. Pandemia egoerara egokitutako elkarretaratzea izango da, non ohiko babes neurriez gainera distantziak tentuz errespetatu beharko diren.

Herri Eskolan ere badihardute Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako lanketa egiten, eta ekintza bereziak izango dituzte Martxoaren 8an.

Carlota Alfaroren hitzaldia

Domekako antzerki emanaldiak eta Carlota Alfarok martitzenean liburutegian egingo duen hitzaldiak osatzen dute Martxoaren 8rako prestatuko ekintza sorta. Elgetako idazle eta blogariak Emakume basatia izenburupean egingo du hitzaldia, 18:30ean.

Alfarok Clarissa Pinkoa Estesen Mujeres que corren con los lobos liburuan irakurri zuen lehen aldiz emakume basatiaren teoriari buruz: "Emakume ororen baitan bizi da indar boteretsu bat senak, sormenak eta jakinduriak gidatzen duena". Pinkoak azaltzen du gizarte patriarkalak ahalegin etengabea egin duela indar hori erreprimitzeko zein makurtzeko, eta emakumeak rol zurrunetara mugatzeko. "Milaka urte daramagu sexu ahula garela entzuten eta geure burua zerbitzari gisa ulertzen. Ondorioz, gure baitan sinistuta gaude emakumeen dohainak bigarren mailakoak direla, eta modu horretan ez da erraza gizartearen aurka igeri egitea", gaineratzen du Alfarok bere blogean emakume basatiari eskainia dion atalean. "Horregatik, akaso, beren alde maskulinoa sustatzeko ahaleginean bizi dira ezagutzen ditudan emakume gehienak", gehitzen du hizlariak.

Emakume basatiaren teoriaren inguruan arituko da Alfaro hitzaldian. Lekua mugatua dela-eta beharrezkoa da aurrez izena ematea. Online egin daiteke hemen.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak