Irteera bat kinka larrian den basogintza ereduari

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 23a, 09:15
Arriolabengoa, basoan neurketak egiten. (Argazkia: Errez kooperatiba)

Errez kooperatibako Markel Arriolabengoa Martiarena eta Iñaki Etxebeste Larrañaga Elgetan izango dira eguenean, hilak 25. Bestelako baso kudeaketa eredu baterantz hitzaldia egingo dute Espaloian, eta Tantai Baso Jabe Kooperatiba aurkeztuko dute.

Aramaioarra da Arriolabengoa eta arrasatearra, berriz, Etxebeste. 2018an sortu zuten Errez kooperatiba. Basogintzarekin lotutako ohiko lanak egiten dituzte –baso kudeaketa planak, landaketak, baso neurketak, inbentarioak...–. Argi hitz egin du Arriolabengoak: "Gaur egun nagusi den baso eredua agortuta dago. Orain arte eman du, baina orain ez. Beste ikuspuntu batetik dihardugu lanean".

Basogintzaren zailtasuna egun

Basoaren errentagarritasun ekonomikoa gero eta txikiagoa dela ikusten dute, eta egungo basogintza eredua gero eta zaurgarriagoa dela. "Gaur egungo basoek gaitasun oso txikia dute edozein aldaketaren aurrean egokitzeko. Kanpoko espezieak ekarri dira, eta halakoetan beti gertatzen da berdina: hasieran abantaila bat dute, baina gero, galdu egiten dute. Gaitzekin argi ikusi da hori. Eta aldaketa klimatikoaren gaia ere hemen daukagu".

Basogintza eredu berri bat ezinbestekoa dela uste dute, eta ikusten dute badagoela jendea jauzi hori eman nahi duena. Hala, proposamena da Tantai Baso Jabe Kooperatiba sortzea. "Aurrera egiteko basogintza eredu berri horrek eskatzen du logistika ere beste modu batera antolatzea. Gaur egungo azalera txikiek, bakoitzak bere basoa bere kabuz kudeatzea... Oso zaila da errentagarritasun ekologikoa zein ekonomikoa lortzea ezaugarri horiekin".

Eredu berriaren gakoak

"Tantai Baso Jabe Kooperatiban baso-jabe bakoitzaren ekarpena bere basoa izango da. Berdin dio lur publikoak zein pribatuak izan. Jabeak ez du basoaren jabetza emango, baizik eta basoaren erabilera. Hala, baso horiek guztiak modu bateratuan kudeatuko ditugu, eta kudeaketa modu desberdin batekin. Ze kudeaketa mota da hori? Erraz ulertzeko moduan esanda, bakarrik bertako espezieekin eta orain bezalako mozketak egin beharrean –dena bota– bakanketak eginez. Hau da, ezaugarri berezi batzuk dituzten zuhaitz batzuk bakarrik moztuz".

Arriolabengoak azaltzen du baso eredu berri hori oso zabalduta dagoela mundu mailan. "Euskal Herrian ere badago, esaterako, Iratin eta Arabako zein Nafarroako zenbait lekutan. Gertatzen da inertziazko praktika izan dela. Isurialde atlantikora ekarri nahiko genuke orain. Modu bateratuan kudeatu nahi ditugu baso guztiak, eta gidaritza serioarekin. Pentsatzen dugu lortuko genukeela gastuak askoz ere txikiagoak izatea, eta hori bakarrik ez: sarrerak ere hobetzea".

Diru sarrerak hobetzeraino

Egueneko hitzaldian adibide praktikoa ere emango dute: 400 hektareako esplotazio baten 20 urteko zenbakiak aztertuko dituzte. "Eta ikusi dugu pinuak zenbat ematen duen, benetan. Jabetuko gara oso-oso gutxi ematen duela. Gure baso kudeaketa ereduaren sarrerak ere aztertuko ditugu, eta ikusiko dugu sarrerak berdindu eta hobetu egin daitezkeela". Egurraren salmentarekin bakarrik hobetzen dira zenbakiak, baina ez hori bakarrik: "Sarrera anitzagoak aurreikusten ditugu ekuazioan. Ekosistema zerbitzuak deiturikoak dira; izan ere, basoek hainbat zerbitzu ematen dituzte egurraz aparte; CO2a metatzen dute, akuiferoak mantentzen dituzte... Eta beste herrialde batzuetan ekosistema zerbitzu horiek ordaindu egiten dira".

Urte bukaeran eratu nahi dute kooperatiba berria. Oraingoz, interesatuen zerrenda jasotzen ari dira, eta horrekin prototipo bat egiten ikusteko proiektua benetan dela bideragarria.

 

Errez kooperatibako Iñaki Etxebeste Larrañaga eta Markel Arriolabengoa Martiarena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak