Elgetako jeltzaleak ez datoz bat 'Elgeta 2021-2030' plan estrategikoa egiteko moduarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 4a, 09:30

Galdetegi bat prestatu du Udalak herritarrek betetzeko, eta galdetegi horrekin plana baliogabetu dezakeen "iruzurra" egon daitekeela salatu dute jeltzaleek. EH Bilduren udal gobernuari proposatu diote azterketa sozio-ekonomiko sakona egiteko "paripe bat baino izango ez den plan estrategiko bat planteatu beharrean".

Elgetako jeltzaleak oso kritiko agertu dira Elgetako Udalak abiarazitako Danon artian Elgeta 2030 parte hartze prozesuarekin. Uste dute prozesua baliogabetu dezakeen akatsa egon daitekeela galdetegiaren formulazioan. "Inkesta online ere bete daiteke, eta pertsona berak bidal dezake behin eta berriz. Paperean dagoena ere manipulatu egin daiteke, anonimoak baitira", azaldu dute. "Datuak babesteko legeak ez du onartzen inkestek datu pertsonalak edukitzea legeari lotu gabe".

Galdetegiaren sakontasun mailarekin ere kritiko dira jeltzaleak. Diote ez duela gaietan batere sakontzen, eta gehiago dirudiela gogobetetasun inkesta bat. "Datu bilketak (...) udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo diren beste bi bileren oinarria da. Bilera horiekin, kontratatutako enpresak plan estrategikoa egingo du, eta udal gobernuak ez duenean ezagutzen udalerriko enpresa bakoitzaren errealitatea, adibidez. Inork uste du hori dela Elgetaren etorkizuna lantzeko modua?", galdetzen dute jeltzaleek. "Duela zazpi urtetik –Elgetan EH Bilduk gobernatzen duenetik– ez dira gai izan udalerriarentzat eta elgetarrentzat etorkizunerako proiektu bat planteatzeko. Pandemiaren ondorioz mugikortasuna eta espazioak oso mugatuta daudenean Danon artian danon herrixa 2021-2030 izeneko herritarren partaidetza prozesua planteatzea bururatzen zaie espedientea betetzeko".

Bestalde, jeltzaleek salatu dute EH Bilduk ez duela inolako interesik oposizioak prozesu horretan parte har dezan: "Kontratatutako enpresarekin izandako bilera bakarrean erantzun zitzaien ezin genuela goizean bileretara joan, eta bazekitela baina ez dutela beste ahaleginik egin nahi izan".

Jeltzaleek adierazi dute ziur daudela EH Bilduk ez duela onartzen oposizio bat izatea, eta gehiengoarekin jarduten dutela erabakiak hartu ondoren ematen baitiete horien berri.

Elgetako jeltzaleen proposamena

Jeltzaleek proposatzen diote EH Bilduren udal gobernuari azterketa sozio-ekonomiko sakona egiteko. "Jeltzaleek behin eta berriz galdetu diogu udal gobernuari –baita 2021eko aurrekontuen eztabaidan ere– Elgetako enpresen egoera ezagutzen duten ala ez; izan ere, enpresa horiek dira udal kutxari ekarpen handiena egiten diotenak, eta horiek gabe Elgetak ezingo lieke zerbitzurik eman elgetarrei. Hala nola, eguneko zentroa, haurtzaindegi zerbitzua eta kirol instalazioak. EH Bilduk ez du ez azterketa ekonomikorik, ez sozialik, ez inolako azterketarik".

Hala, EAJk proposatu dio udal gobernuari "gai garrantzitsu horien guztien azterketa sakona egin dezala, udalerriaren berri izateko, paripe bat baino izango ez den Plan Estrategiko bat planteatu beharrean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak