2030eko Elgeta irudikatzeko parte hartze prozesua abiarazi du Udalak Elhuyarren aholkularitzarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ots. 3a, 13:01

Barikuan, hilak 5, amaituko da etxez etxe banatutako inkesta betetzeko epea. Ondotik, bi herri batzar etorriko dira galdera sortaren emaitzak aurkezteko eta proposamenak zein estrategiak lantzeko eta lehenesteko.

Udalak Danon artian - Elgeta 2030 izeneko hausnarketa prozesua abiarazi du. "Herritarren artean parte hartzea sustatzea eta iritzi ezberdinak jasotzea da prozesu honen alde garrantzitsuena. Udalaren norabidean lagungarri izatea baino, etorkizuneko zelako Elgeta nahi dugun danon artean erabakitzea eta datozen urtetarako herrian proiektu eta aurrekontuen noranzkoa zehaztea da helburua", azaldu du Ane Bilbao zinegotziak.

Elhuyar Aholkularitza zerbitzuarekin batera bideratutako prozesua da, eta 8000 euroko aurrekontua du. Udalak aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldunditik diru-laguntza jasotzea.

Galdetegi bat eta bi herri batzar

Galdetegi bana banatu du etxez etxe Udalak, eta online betetzeko aukera ere badago. Barikua, otsailak 5, da galdetegia betetzeko azken eguna. 16 urtetik gorako elgetarrak gonbidatu dituzte iritzia ematera. Inkesta horretan sei bloke handiren inguruan balorazioa egin eta 2030era begirako proposamenak luzatzeko aukera ematen dute. Bloke horiek dira: kultura eta hezkuntza, osasuna eta zaintza, kirola eta aisialdia, lurralde eta azpiegitura-antolamendua, enplegua eta lana, eta azkenik, herri identitatea eta oinarriak.

Bi herri batzar ere deituko ditu Udalak. Bata, otsailaren 18an, galdera sortaren emaitzak aurkeztu eta 2030eko Elgeta marrazten hasteko, eta bestea martxoaren 4an aurrera begirako proposamenak eta estrategiak lantzeko eta lehenesteko. "Lanketa guzti honetatik jasotakoa Udaleko plangintzetan eta aurrekontuetan kontuan hartuko dugu", azaldu du Bilbaok.

COVID egoera dela-eta batzar horietan parte hartzeko izena eman beharko da. Laster zabalduko du Udalak horretarako aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak