Ia urtebete pasa da Zaldibarko zabortegiko ezbeharretik, eta ordutik hona ez zarete geldi egon...
Iluntasunaren erdian jaio zen plataforma. Hasieran, herriz herri hasi ziren erreakzio solteak, eta, handik gutxira, ekintzak koordinatzeko beharra ikusi genuen. Lehen ekintzen ostean, konfinamendua heldu zen, baina gure ekimenek ez zuten etenik izan: argazki solidarioak, balkoi apainketak, burrunbak... Uztailean berriz ekin genien kale mobilizazioei, manifestazio jendetsua egin genuen Eibarren... Eta bai, ez gara geldi egon. Hiru ildo nagusitan antolatu gara: langileak, osasuna eta erantzukizunak. Eta hala jarraituko dugu.
Urri aldean erabaki zenuten Eskubide Sozialen Kartarekin batera herri akusazio gisa aurkeztea zabortegiaren erortzearen harira egingo den epaiketan. Zergatik?
Ba, aurretik aipatu ditudan mobilizazio eta aldarrikapenez gain, beste urrats egin behar genuela uste genuelako. Oso gertakari larria izan zela uste dugu, eta, ia urtebete pasa arren, horren erantzukizunik ez da argitu. Gertatukoari buruzko egia falta zaigu, erabateko desinformazio egoeran eduki baikaituzte arduradun politikoek. Hala, horrek guztiorrek eraginda, herritarren ahotsak epaiketan egon behar zuela erabaki genuen.
Zein lehentasun dituzue une honetan?
Gai hau sozializatzen jarraitzea da horietako bat; ez dadin ahanzturan gelditu, eta benetako egia jakitea merezi dugulako. Bi langileak oroitzen jarraitzea eta euren senideei elkartasuna adieraztea da beste bat. Beste bat, nola ez, Joaquin lehenbailehen lurpetik ateratzea. Jada urtebete pasa da lanera joan zela eta etxera itzuli ez zela. Egia eta justizia eskatzen jarraituko dugu, eta baita era horretako beste ezbehar bat ez errepikatzeko bermeak ere. Hau ez errepikatzeko beharrezkotzat jotzen dugu zabortegien kudeaketa eta hauen kontrol lanak erabat publikoak izatea. Eta, azkenik, erantzukizunak argitzea: bai arlo pribatukoak, eta baita arlo publikokoak ere. Azken finean, enpresa pribatu batek kudeatzen zuen Zaldibarko zabortegia, erakunde publikoek hala nahi izan dutelako. Hasieratik eskatu genuen Arriola sailburuaren dimisioa. Orain, beste kargu publiko bat eman diote, baina uste dugu hau guztiau argitu arte ez lukeela herria ordezkatzeko kargurik izan behar.
Berriki egin duzue Lagundu Argitzen jaialdi solidarioa, kultur arloko ikur askoren babesarekin...
Ekimen polita izan zen, eta argi utzi zuen Zaldibar Argitu plataformak duen indarra eta babesa. Oso eskertuta gaude kultur arloko sortzaileek eman diguten babesarekin, baita aurrez zientzia arloko ikerlariek eman digutenarekin ere.
Diru bilketa kanpaina bat ere abiatu duzue, lehen aipatu dugun epaiketako gastuak ordaintzeko. Ze bide daude ekarpena egiteko?
Itsulapikoa.eus atarian sartu eta hiru ekarpen egin daitezke: 10 eurokoa egiten duenak pina izango du opari; 20 eurokoa egiten duenak, banderatxoa; eta 50 eurokoa egiten duenak, pina eta banderatxoa. Urteurrenari begira ekintzarik? Osasun egoera ikusita, A, B eta Z plana ere beharko dugu. Herriz herri antolatu beharko ditugu ekintzak, eta horretan ari gara buru-belarri.