Antzokira etorriko dira, eguaztenean, Olentzero eta Mari Domingi

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abe. 18a, 09:30

Olentzero, iaz, udaletxeko arkupean.

Hutsik egin gabe, abenduaren 23an Elgetan izango dira ikazkina eta haren bizilagun eta laguna. Pandemia egoera dela-eta gonbidapenarekin eta taldeka elkartuko dira herriko neska-mutikoak haiekin. Etxeko postontzian jasoko dituzte gonbidapenak herriko umeek. Olentzero eta Mari Domingi panpina lehiaketa ere antolatu du, aurten, Udalak.

Gabonak, aurten, ez dira aurrekoak modukoak izango, baina gutxieneko ekintza batzuk egongo dira herrian. Olentzero bisitan etorriko da aurten ere, eta ez da bakarrik etorriko; izan ere, Mari Domingi ondoan izango du.

Elgetako neska-mutikoekin elkartu nahi zuten biek ala biek, eta bete beharreko neurriak nola bete luzaro aztertu ostean jakinarazi dute baietz, Elgetan izango direla eguaztenean. Ez ditugu Intxortatik jaisten ikusiko, ez dira plazan ilara luzeak egingo. Horren ordez, Espaloia kafe antzokian elkartuko dira ikazkina eta haren laguna herriko neska-mutiko txikienekin. "Zuzenean Espaloira joango gara", jakinarazi dute.

Gonbidapenarekin eta 16:00etan

Adinaren araberako txandetan eta talde txikietan sartuko dira neska-mutikoak Olentzerorekin eta Mari Domingirekin egotera, 16:00 eta 18:00 artean. Eta umeen gutunak jasoko dituzte. Postontzi handi bat izango dute horretarako; izan ere, propio prestatu dute seigarren mailako neska-mutikoek eskolan.

Beharrezkoa izango da ekitaldian zehar segurtasun neurriak betetzea. Hala, neska-mutikoek hurrengo astean jasoko dute gonbidapen bana etxeko postontzian. "Elgetan erroldaturik dauden 0-12 urte bitarteko haurrek eta gaztetxoek etxean gutun bat jasoko dute ekitaldira bertaratu ahal izateko gonbidapenarekin (...) Haurren batek, abenduaren 23 asteazken goiza baino lehen, etxeko postontzian gonbidapen hori jasoko ez balu, jarri Udalarekin harremanetan udala@elgeta.eus helbidean, 943 76 80 22 telefono zenbakian edo udaletxeko harreran", azaldu dute Udaletik.

Adi, beraz, gonbidapenean datozen argibideei Olentzerorekin eta Mari Domingirekin elkartzeko orduarekin batera etorriko baitira bete beharreko segurtasun eta higiene neurriak.

Gabonetako panpina lehiaketa

Udalak Olentzero eta Mari Domingi panpinen lehiaketa antolatu du aurten. Martitzenean, abenduak 22, aurkeztu beharko dira, kafe antzokian, 16:00ak eta 18:00ak artean, eta erakusgai ipiniko dituzte. Hiru sari daude eskuragarri: 80, 60 eta 40 euro. 

Ikuskizuna eta haur parkea

Gabonetan beste bi ekintza izango dira herrian. Hilaren 27an, Erik eta Win ikuskizuna izango da Espaloia kafe antzokian, 18:30ean. Sarrera doan izango da, baina plaza mugatuak direnez tokia erreserbatzeko aukera jarriko du Udalak.

Haur parkea ere iragarri du Udalak. Urtarrilaren 4an eta 5ean izango da, baina zehazteke dago zelakoa izango den. "Ez da betiko parkea izango. Hemen ere dagoen egoerara egokitu beharko dugu", aurreratu dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak