Elgetako Herri Eskolara ere joango dira, aurten, Olentzero eta Mari Domingi. Gabonetako oporrak hartzeko egunean izango da, martitzenean.
Eskola egun berezia izango da, nahiz eta ezingo dituzten egin urteroko ekintzak. "Aurten, egoerara egokitu behar izan ditugu Gabonetako ekintzak, eta pena handia dugu, baina ez dugu plazan urtero egiten dugun azoka egiterik izango. Buelta asko eman dizkiogu kontuari, baina jende pilaketak ekidin behar dira, eta azokarekin ezingo dugu hori saihestu", azaldu du zuzendaritzak. "Udalarekin batera adostu dugu azokarik ez egitea. Horren ordez, 09:00etatik 10:30era kantura irtengo dira eskolako umeak. Taldeka irtengo dira, eta herriko hainbat gunetan pare bat kantu abestuko ditu talde bakoitzak. Bizikidetza talde egonkorrak mantenduko ditugu, eta abestu ostean eskolara itzuliko dira, bertan ditugun gainerako ekintzekin jarraitzeko. Helburua da herrian giro pixka bat sortzea".
Neska- mutikoak baserritar jantzita joatea eskatuko diete familiei: "Ezingo ditugu familiak ekintzetara gonbidatu. Ulertzea es- pero dugu".
Opariak eskolara
Ikaskideekin txoripan-a jateko eguna izango da abenduaren 22a. Horretaz gain, Olentzero eta Mari Domingi ere bisitan izango dira eskolan. "Taldeka antolatu ditugu ordutegiak, eta hemen ere bizikidetza talde egonkorrak mantenduz joango dira umeak Olentzerorekin eta Mari Domingirekin elkartzen".
Kantuan egin, berriketa apur bat egin eta opariak jasoko dituzte umeek. "Eguraldi ona bada, kanpoko espazioak erabiliko ditugu, eta, eguraldi txarra bada, eskolako ganbara".
Eskolan ere argi dute beste modu batekoak izango direla aurten Gabonak. "Egoerara moldatu behar dugu, eta kasu honetan ere ezingo ditugu gurasoak gonbidatu, baina grabatuko ditugu irudi batzuk eta bideoak bidaliko ditugu, gero, familietara", azaldu du Libe Iñurrigarro zuzendariak.
Ikastetxeko sarreran ipinitako Olentzeroren eta Mari Domingiren panpinek ere ezaugarri bereziak dituzten aurten. Maskara dute bai batak bai besteak, eta distantzia dago bien artean.