Kaleko katuen jarraipena egiten, bi boluntario

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko uzt. 25a, 09:15

Herrian hiru kolonia nagusi daudela ziurtatzen dute, eta beharrezkoak direla arratoiak uxatzeko. Neurriz kanpo ez ugaltzea da erronka, eta, horretarako, antzutu egin behar dira. Jatekoa ere ematen diete; gehienbat, zenbat diren eta nola dauden jakiteko.

"Protokoloak daude noraezean dabiltzan txakurrendako. Ez, ordea, katuendako", dio du Carlota Alfarok. Naiara Cordobarekin batera urte eta erdi darama kaleko katuen jarraipena egiten Elgetan. "Baserri-katuak ere badaude, eta horiek ortuetan edo kalean erditzen dira inongo kontrolik gabe. Ama baserrikoa da, baina kumeak, sarri, kalean gelditzen dira".

Katu koloniak beharrezkoak direla diote. "Arratoiak uxatzen dituzte, baina garrantzitsua da neurriz kanpo ez ugaltzea, eta, horretarako, antzutu egin behar dira". Boluntarioak hasten dira jatekoa eskaintzen, eta katuak konfiantza hartu eta gerturatzen direnean tranpa-kaiolak jartzen dizkiete. "Barruan gelditzen dira eta esterilizatzera eramaten ditugu. Gero, leku berean askatzen ditugu".

Kaleko katuen auzia ez da Elgetara mugatzen. Katuak esterilizatzeko dirulaguntzak egoten dira. "Arazo larriak daude herri askotan. Askotariko ikerketak egin dira eta ondorioa da ez dela eraginkorra katuak desagerraraztea. Nitxo ekologiko bat uzten duzu hutsik, eta beste kolonia bat etorriko da. Onena da dagoen kolonia kontrolpean mantentzea. Katua animalia oso territoriala da, eta itxiak eta agresiboak dira koloniak. Nekez onartzen dituzte kide berriak. Katu-zale zoro hutsak garela pentsatuko du askok, baina kontrolatutako zerbait egiten ari gara, eta komeni da jendeak jakitea".

Uste okerrak

Baserritarrek, orokorrean, ez dituzte katuak antzutu nahi. "Zabalduta dago esterilizatutako katu batek ez duela ehizatzen, eta ez da horrela. Instintiboa da. Jaten ematen badiozu, akaso ez du ehizatutakoa jango, baina berdin ehizatuko du", azaltzen dute Alfarok eta Cordobak.

Ez eman jatekorik

Domingo Iturbe kaleko atzeko aldean sortu da, azkenengoz, arazoa. "Ongi beharrez, janari freskoa bota zaie, eta zikinkeria eta usaina sortu dira. Aurretik ere gertatu da, Lasao kalean. Mesedez, ez bota jatekorik katuei. Guk egunero ematen diegu, neurtuta, eta toki eta ordu jakinetan".

 

Naiara Cordoba: "Kaleko katuak antzutu egin behar dira"

 

Elgetako eta Kaonbi elkarteko boluntarioa da. Katuei jaten eman, antzutu... Lana da, baina garrantzitsua da kaleko katuen jarraipena egiteko.

Elgetan ze sentsibilitate dago gaiarekiko?

Zaila da. Katuak karabinarekin hiltzen ere ikusi dut nik.

Herritarrei zer eskatuko zenieke?

Lehenengo eta behin, janari freskorik ez botatzeko. Zikinkeria eta usaina sortzeaz gainera, arratoiak erakarri eta katuak ugaritu egiten dira. Katuak behar dira arratoiak ez ugaritzeko, baina katu kopurua kontrolpean edukitzeko antzutu egin behar dira. Soluzioa ez da katua erditzen den aldiro katakumeak akabatzea.

Non antzutzen dituzue kaleko katuak?


Kaonbirekin elkarlanean dagoen Arrasateko albaitari batek antzutzen ditu. Dozena bat egin ditugu Elgetan. Hiruki forma duen marka bat dute katu horiek belarrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak