Urtero antolatzen den udako aisialdia ezinezkoa da aurten pandemiaren eraginez. Hala ere, ezinbesteko zaintza beharrei erantzuteko zerbitzua eskainiko du Udalak uztailean zehar. "Plaza kopurua oso mugatua izango da, eta izen-ematearekin batera guraso edo tutore guztiak ordu tarte horretan lanean egongo diren ziurtagiria aurkeztu beharko dute", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.
Zerbitzua astelehenetik barikura bitartean emango dute, 09:00etatik 13:00etara. Plaza kopuruaren inguruan galdetuta, Lazkanok esan du aurreko urteetako herena inguru izango dela. Iaz, 86 neska-mutikok hartu zuten parte udaleku irekietan.
Beharra duten familiendako
Lau asteko zaintza zerbitzua izango da, eta ezingo da asteka izenik eman. "Eskatzen dugu zerbitzua erabiltzea bakarrik beharrezko kasuetan". Prezioa da 90 euro eta hobariak daude aurreikusita egoera ekonomikoaren arabera, baita bizikidetza unitateko bigarren haurrak izena emateagatik ere. "Ezarritako plaza kopurua gaindituz gero, plazen banaketan kontuan izango da familiaren egoera ekonomikoa, eta beharrezkoa izango da ziurtagiriak aurkeztea", azaldu du Lazkanok.
Zerbitzutik kanpo gelditzen dira, aurten, LH-5 eta LH-6 mailetako neska-mutikoak. "Ratioak bermatu nahi ditugu, eta aurreko urteetako esperientziatik ikusten dugu adin nagusiagoko umeak apur bat autonomoagoak direla. Horregatik hartu dugu erabaki hori".
Talde oso txikiak eta eskolan
Taldeak oso txikiak izango dira eta herri eskolako eraikinean emango du zerbitzua Udalak. "Eskolak aukera ematen digu zerbitzua sektoreka antolatzeko. Talde bakoitzak ikasgela bat erabiliko du, eta ez dira elkarren artean nahastuko".
Ratioei dagokienez, hezitzaile bakoitzeko bost eta zazpi neska-mutiko aurreikusten dituzte, adinaren arabera. Hezitzaileak Udalaren lan poltsatik kontratatuko dira.
Higiene protokoloa
Pandemia egoerara egokitutako higiene protokoloa ezarriko dela adierazi du alkateak. "Zorrotza izango da. Sarrerak eta irteerak, esaterako, hamar edo hamabost minutuko tartearekin egingo dira talde ezberdinetako neska-mutikoek elkarren arteko kontakturik ez edukitzeko. Puntualitatea, beraz, ezinbestekoa izango da. Eta helburua izango da ahalik eta ekintza gehienak aire zabalean egitea".
Eguraldiak zerikusi handia izango du honetan, eta egun euritsuetan talde txikietan antolatuta egoteak eta eskolak eskaintzen dituen ikasgela kopuruak aukera emango dute ekintzak aterpean ere egiteko.
Ardura handia
"Hilabete mordoa goaz zerbitzua eskaini edo ez aztertzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi zituen bere udalekuak. Hainbat udalek berdina egin zuten gero. Orain, egin daitezkeela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Baina gauzak ondo egiteko irizpide asko hartu behar dira kontuan, eta ardura itzela da. Begiratu behar duzu zenbat gela eta zenbat hezitzaile dituzun, nahikoa baliabide duzun garbiketarako eta desinfekziorako; izan ere, gauza guztiak behin eta berriz garbitu behar dira...", azaldu du Lazkanok.
Hezitzaile bakoitzak koronabirusaren inguruko formazioa jaso beharko duela zehaztu du alkateak, eta talde bakoitzarentzat programazio bat prestatu beharko dela. Zailtasunak zailtasun, neska-mutikoen ongizatea izango da lehentasuna.