Elena Larramendi eta Nestor Maidagan: "Musukoak gehiago erabili behar dira"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 15a, 17:00

Elena Larramendi sendagilea eta Nestor Maidagan praktikantea Elgetako kontsulta atarian.

Domekan baieztatuko bost positibo berri izan ziren Elgetan; guztira zortzi dira mila biztanle pasatxoko herrian. Distantziak mantendu eta musukoak erabili behar direla adierazi dute osasun zentroko bi osasun-langileek. Aste gogorrak izan dituzte herriko osasun zentroan ere. Pazienteak segurtasun neurri guztiekin artatzea dute orain helburu.

Domekan bost positibo izan ziren Elgetan. Nola ulertu behar dugu halako saltoa?

Elena Larramendi: Hau ez da bukatu. Oraingo kontagioak izan daitezke oso-oso gertukoak diren pazienteenak. Egia dena da oraindik ere kasuak badaudela eta neurriak hartzen jarraitu behar dugula.

Erdigunetik kanpoko auzune batean lokalizatutako kasuak dira?

E.L.: Guk ez dakigu hori. Informazio hori, gainera, ezingo genuke eman konfidentzialtasun kontuengatik.

PCR proban eman dute positibo?

E.L.: Bai. Bi proba mota daude. Batzuk dira serologikoak eta ikusten da pazienteak antigorputzak dituen edo ez. Bestea da PCR proba eta positibo emanez gero esan nahi du infekzioa aktibo dagoela testa egiteko unean. Baieztatu diren kasu berriak PCR proba eginda izan da.

Zer moduz diharduzue lanean?

E.L.: Lehen asteak oso potenteak izan ziren. Paziente asko izan genituen etxeetan kalenturarekin. Hasieran, gainera, ez ziren hainbeste test egiten. Laneko baja asko, arriskuko jendea, familia osoak koarentenan...

Nestor Maidagan: Elgetan baieztatutako kasu positibo bakarra zegoenean ere jende asko egon da hemen kalenturarekin. Hori bai, ez dakigu zenbatek pasa duten gaixotasuna benetan.

Nola artatzen duzue jendea orain?

E.L.: Oraindik ere, eta patologia edozein izanik, deitu egin behar da. Bergarara deitu eta zita telefonikoa eskatu behar da. Gero, ni jartzen naiz pazienteekin harremanetan, eta sintomen arabera baloratzen dut kontsulta presentziala beharrezkoa den edo ez; izan ere, kasu batzuk ezin dira telefonoz konpondu. Horrela bada, hitzordua ematen dugu kontsultara etortzeko. Neurriak hartu behar ditugu jende pilaketarik ez egoteko. Kontsulta txikia da.

Eta COVID-19 sintomak izanez gero?

E.L.: Berdin. Bergarara deitu behar da, eta nik baloratzen ditut sintomak. Hori bai, kontsulta presentziala egin behar bada, Bergaran egiten da. Elgetakoa osasun zentro garbia da, eta Bergaran dago COVID-19aren jarraipena egiten duen ekipo espezifikoa.

Herritarrek errespetatzen dituzte segurtasun neurriak?

E.L.: Jendea, orokorrean, ondo ikusten dut. Arrain saltzailea etortzen denean, denda atarietan... Jendeak errespetatzen ditu distantziak eta txandak. Aurreko batean, bai eman zidala atentzioa umeekin zegoen guraso talde batek. Zaila da 2 urteko ume bati lagunengana ez gerturatzeko eskatzea, baina gertuegi zeudela iruditu zitzaidan. Eta gurasoak ere bai.

N.M.: Zaila da bi metroko distantzia mantentzea, baina garrantzitsua da. Nik gehiagotan erabiliko nuke musukoa. Une batean gehiago gerturatzen bazara ere babestuta zaude, neurri batean. Eta biek eramaten badute musukoa, kutsatzeko arriskua asko jaisten da. Hori bai, ondo jarri behar da. Sudurra ere estali egin behar da.

E.L.: Gaur bertan ikusi dut adineko pertsona bat ondoko bulego barruan, eta musukorik gabe. Atentzioa eman dit. Arrisku taldeko pertsona bat leku itxi batean eta musukorik gabe. Kontu gehiago edukiko nuke.

Eskularruak ere erabili behar dira?

E.L.: Erabiltzen badira, gogoratu garbitu egin behar direla beti. Eskuek beste transmititzen dute.

N.M.: Jendea oso seguru sentitzen da eskularruekin, baina erabiliz gero eskuak beste garbitu behar dira izan xaboiarekin izan gelarekin. Nire ustez, erabili edo ez berdin da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak