Baratzeko lanetara itzuli dira poliki-poliki Elgetako ortuzainak ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 3a, 10:00

Elgetako baratze parkeko erabiltzaile bat ortua lantzen.

Alerta egoera ezarri eta desplazamenduen debekua indarrean sartu zenetik egoera gorabeheratsua bizi izan dute ortuzainek. Ortuko lanetara itzuli dira poliki-poliki, baina diote araudia behin eta berriz aldatu dela, eta ziurgabetasuna izan dela nagusi.

Gauza asko aldatu ditu alerta egoerak, eta horien artean dira ortuko lanak. "Une honetan, baimenduta dago lurra lantzea, zein landatzea edo ereitea, baina ezin da ortura egun-pasa edo eguzkia hartzera joan", azaltzen du Baserritarren batzordeko buru Sebastian Arantzabalek.

Ziurgabetasun handia egon dela dio; izan ere, araudiarekin gorabeherak egon dira. "Uste dut ia astero ibili direla aldatzen. Lehenengo esaten zuten ezin zela ortura joan. Gero, joan bai baina jeneroa jasotzera bakarrik. Aldaketa pila egon dira, eta lanak izan ditugu argitzeko zer zegoen baimenduta eta zer ez. Gauza bat agertu eta hori martxan jarri orduko aldaketa egoten zen. Uste dut hasieran hartutako erabaki batzuek ez dutela izan ez hanka ez buru. Hartu dituztenak ere konturatu direla uste dut. Sinadura bilketak eta antzerako mugimenduak egon dira, eta horrek ere aldarazi ditu debeku batzuk".

Elgetaren kasuan, hiru kasuistika nagusi izan dira: baratzea etxe inguruan duten baserri bakartuetako ortuzainak, herrian bizi eta ortua baserrian dutenak eta baratze parkeko erabiltzaileak. Zailtasun handienak azken bi kasuetan izan dira. "Horiek arazoak izan dituzte desplazamenduak egiteko, eta unean uneko araudiaren arabera ezin izan dituzte ortuak landu", dio Arantzabalek.

Elgetako baratze parkeko erabiltzaileen ordezkaria da Carlota Alfaro. Hamasei erabiltzaile dira eta desplazamenduak debekatzen zituen konfinamendua ezarri zenetik ezin izan dituzte ortuak landu. "Debekatuta zeuden bai desplazamenduak bai ortuko lanak", azaltzen du. "Apirilaren 16an jakinarazi zigun Udalak aukera genuela, berriz ere, ortuak lantzeko, baina erreserba handiekin; izan ere, arautegia edozein unetan alda daiteke".

Baratzeak lantzeko unea da orain. "Ortuetan jenero gutxien dagoen garaia da. Negutik gelditutakoak daude –porruak, zerbak...– , baina garai garrantzitsua da lurra lantzeko eta aurretik landatuta zeudenak zaintzeko; izan ere, laster hasiko dira ilarrak, baba beltza, tipula, berakatza... Udaberri amaieran zein udan jasotzekoak direnak landatzeko eta ereiteko sasoia ere bada. Maiatza izaten da ortuko landaketak egiteko sasoirik gogorrena", gogorarazten du Arantzabalek.

Baratze parkean, neurri bereziak

Ia hilabeteko etenaldiaren ostean ortuko lanetara itzuli dira baratze parkean ere, baina Udalaren gidaritzapean hainbat neurri hartuta. "Nortasun agiria eta ortuko erabiltzaileak garela ziurtatzen duen agiria eraman behar dugu gainean", azaltzen du Alfarok. "Gero, lursail bakoitzeko pertsona bakarra egon daiteke, eta, gehienez ere, bost lagun parke osoan. Txandak antolatu ditugu, eta lortu dugu elkarren ondoan dauden lursailetako erabiltzaileak batera ez egotea. Hala, gutxienez, lursail bateko tartea dago ortuan aldi berean lanean dauden bi lagunen artean".

Erremintak gordetzeko txabola hustu, desinfektatu eta itxi egin dute. Ez dago erabilgarri. "Erremintak ere sailkatu eta banatu egin ditugu. Bakoitzak bereak ditu, eta ezin ditugu partekatu. Musukoak eta eskularruak ere badaude, eta desinfektatzeko produktu bat daukagu erabili aurretik eta ondotik materiala desinfektatzeko".

Apirilaren 16tik daude berriz ere erabilgarri baratze parkeko lursailak. "Gogotsu geunden lanean hasteko, baina euria etorri zaigu!", dio Alfarok. "Garrantzitsuena, orain, neurriak hartzea eta kutsatzeak saihestea da. Erabiltzaileak, zorionez, erantzukizunez jokatzen ari dira".

Baratze parkeko erremintak partzelaka sailkatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak