Topaleku bihurtu diren balkoiak eta leihoak

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko api. 9a, 10:00

Eguerdiko bermuterako mahaia prest balkoi batean, domekan.

Hainbat dira txaloak jo eta musika elkarrekin entzuteko elkartzen diren elgetarrak, eta egunero ipintzen dute Txoria txori herrian. Astelehenekoa, baina, saio zaila izan zen, COVID-19ak Elgetan eragindako lehen heriotzaren berri izan baitzuten herritarrek.

Torrealdean Beheko kaleko jai batzordeko kideek dihardute, ahal duten neurrian, ekintzak antolatzen. Oxel Erostarbe hasi zen musika jartzen eta laster batu zitzaion Gorka Arizmendiarrieta. "Eraikin berean gaude, baina leihoak alde desberdinetan ditugu. Saiatzen gara musika alde bietan jartzen", azaltzen du Erostarbek. "Playlist bat daukagu eginda Spotifyn eta ahalegintzen gara kantuak modu sinkronizatuan ipintzen. Zaila da, baina halako batean lortuko dugulakoan gaude", dio Arizmendiarrietak.

Txaloak jotzen dituzte lehenengo Torrealdean eta ondoren entzuten dituzte kantuak. Txoria txori lehenengo eta gero gerokoak. "Aukera dagoenean auzotarren bati eskatzen diogu kantuak aukeratzeko. Urtebetetzeak ospatzen ere saiatzen gara. Auzotarren baten eguna dela baldin badakigu, kantuan egiten diogu". Aste bukaerak beti izaten dira bereziak. "Bermutaren Ordua egin dugu honako honetan, eta Umeen Festa aurrekoan". Marrazki lehiaketa ere antolatu dute. Asmoa da jasotako lanak ikusgai jartzea auzoko jaietan. Ospatzen badira, noski. "Domeka honetan Aberri Eguna da eta badihardugu zerbait berezia egin nahian. Euskal Jaia egin nahi dugu", dio Erostarbek.

Salbador eta San Roke kaleetan

Salbador kaleko bizilagun talde bat ere txaloen eta musikaren bueltan elkartzen da, egunero. Valeriano Beteta auzotarrak jartzen du musika. "Txaloak jo eta kantu bat entzuten dugu egunero", azaltzen du kaleko bizilagun Bea Bouzasek.

San Roke kalean ere egunero egoten da mugimendua. "Martxoaren 14an hasi ginen musika jartzen, mugikorrarekin eta bozgorailu txiki batekin hasieran eta ordenagailuarekin eta garajean gordeta genuen anplifikadore batekin gero", azaltzen du Maite Mandalunizek. "Txoria txori jartzen dugu, egunero, 20:00etan. Gero, txaloak jotzen ditugu, eta amaitzeko, alaiagoa den beste kantu bat egoten da. Inguruko bizilagun ia guztiak irteten dira balkoira, baita inguruko baserri bateko bi pertsona nagusi ere. Egunero irteten dira, eta horregatik bakarrik merezi du".

Domeketan, berriz, eguerdiko bermuta egiten dute. "Balkoitik balkoira egin genuen plana, eta 13:00etan dugu hitzordua astero. Musika jartzeko eskatu zidaten niri. Ordutik, domekero egin dugu. Gero eta pintxo landuagoak ikusten dira, gainera".

Astelehena, egun gogorra

Zaila izan zen astelehen iluntzeko saioa. Ostegunean jakin zen baieztatutako COVID-19 kasu bat zegoela herrian, lehenengoa. Eta herritar horren heriotzaren berri izan zuten elgetarrek astelehenean. Familiaren saminarekin bat egin zuen hainbatek, eta txaloek esanahi berezia hartu zuten astelehenean. Ohikoa baino luzeago eta ozenago entzun ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak