Julian Markiegi: "Ohikoa dena baino egunkari eta aldizkari gehiago saltzen direla esango nuke"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mar. 29a, 08:00

Julian Markiegi bezero bat artatzen goizero plazan ipintzen duen postuan.

Julian Markiegi da Elgetako kioskoko saltzailea. Urteak daramatza zeregin horretan eta egunotan bizi dugun egoera guztiz ezohikoa da berarendako ere. Egokitutako ordutegiarekin bada ere egunero zabaltzen du postua.

Osasun krisia lehen lerroan dagoen egunotan informazioa oinarrizko eskubidea da. Elgetan, Julian Markiegi arduratzen da paperezko hedabideen salmentaz, eta berak ere egokitzapenak egin behar izan ditu bere egunerokoan. Hutsik egin gabe, ordea, egunero zabaltzen du postua.

Markiegik 06:40 bueltan zabaltzen du salmenta postua, plazan. Aurretik etxez etxeko banaketa egiten du. "11:30ak arte plazan egoten naiz, eta ordu horretatik aurrera kioskoan. 13:00ak aldera ixten dut kioskoa eta alarma egoera dela-eta arratsaldean itxita daukat", azaltzen du.

Eskularruekin egiten du lan plazan, eta gertu du beti desinfektatzailea. "Tarteka, ondo-ondo garbitu eta horrela gabiltza".

Kontzientziatuta ikusten ditu elgetarrak. "Baten batzuk beldurtuta ere bai. Pauso bat aurrera egin orduko egiten dute atzera", dio.

Itxialdia dagoenetik ohikoa dena baino egunkari eta aldizkari gehiago saltzen ari dela dio. Elgetan ere informatuta egotea nahi du jendeak.

Hornitzaileak puntual

Horniketa aldetik zelan dabilen galdetuta Markiegik dio azkenaldian oso puntual dabiltzala banatzaileak. "Esango nuke osasun krisia hasi aurretik baino finago dabiltzala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak