Bost hilabete belaontzi batean

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mar. 16a, 09:40

Zumaiatik abiatu eta El Hierro uharterainoko bidea egin du Josu Mañarikua elgetarrak bakarrik egin du zeharkaldia, eta bizi esperientzia itzela izan dela dio. Hasierako asmoa zen egun gutxi batzuetan galiziara joan-etorria egitea.

Ez du uste aparteko balentria egin duenik, baina bost hilabete egin ditu itsas-portutik itsas-portura, eta sekula horrelakorik egin ez duenarentzat bada zerbait. Bidaia, orokorrean, ikasketa prozesu bikaina izan dela dio. "Jende eta paraje zoragarriak ezagutu ditut. Estu eta larri ibiltzea ere tokatu zait. Baina, batez ere, nabigatzen ikasi dut; izan ere, gauza bat da lizentziak edukitzea eta beste bat da itsa- soan moldatzen ikastea. Ideiarik ez edukitzetik belaontzian eroso sentitzera heldu naiz, eta oso pozik nago", azaldu du.

Irailaren 19an ekin zion abenturari, bi aste lehenago erositako itsasontzi batekin. "Ekainean bukatu nituen Ingeniaritza ikasketak. Lanean ere banenbilen eta aldaketa baten premia nuela sumatzen nuen. Anestesiatuta moduan bizi nintzen. Bidaiatxo bat egitea pentsatu nuen".

Zumaia izan zuen abiapuntu eta Galiziara heltzea zen hasierako asmoa. "Belaontziak Darquis zuen izena. 1974ko Dufour Arpege bat zen. Itsasontzi oso basikoa zen, egungo gailu elektronikorik gabekoa. Zoratuta nengoela esaten zidaten ingurukoek, baina asmoa zen kostaz kosta eta portuz portu ibiltzea".

Galiziara heltzeko 17 egun

"Kantauri itsasoa oso poliki hartu nuen. Egun bat behar izan nuen Zumaia-Mutriku egiteko. Pentsa! Kontua da denborarekin oso gustura sentitzen hasi nintzela: haizea, itsasoa, bakardadea... Giro oso ona topatu dut itsas-portuetan". Poliki-poliki konfiantza hartzen joan zen eta bizi esperientzia itzela izan zen. "Galiziako Ons uhartera heldu eta pelikula batean figurante lanak egiteko proposatu ninduten. Kuriosoa izan zen; kar, kar. Uste dut laster egongo dela ikusgai Ons pelikula".

Galiziara heldu eta aurrera jarraitzea erabaki zuen elgetarrak. "Costa da Morten gaizki pasa nuen. Haize indartsuak eta eguraldi txarra harrapatu nituen. Bakarrik nintzen eta ez nuen ikusmenik. Bela bat apurtu zen, eta itsasontzia asko mugitzen zen... Lauzpabost orduz larri ibili nintzen". Hotzarekin lotzen du Portugal. "Porton oso gustura ibili nintzen, baina hoztu egin zuen gero eta azkar egin nuen Algarvera. Horregatik, Sagresera iristea zoragarria izan zen. Astebete egin nuen eguzkitan".

Maroko eta Kanariar uharteak

Bidaiako lehen zeharkaldia etorri zen gero. "Ekaitz elektriko batek harrapatu ninduen itsasoan. Iluna zen, 03:00ak-edo ziren, eta gaizki ibili nintzen. Maro- koko Jorf Lasfar portuan ere ez nintzen seguru sentitu".

Mañarikuak gauez nabigatzen ere ikasi du. "Bakarrik egotera, ordubeteko loaldiak egiten nituen, tarteka dena ondo zegoela egiaztatu behar bainuen". Marokon, Safi herria du gogoan. "Familia batek bere etxera gonbidatu ninduen. Beste kultura bat ezagutu nuen".

Kanariar uharteetara iristeko ere beste bi egun eta erdiko zeharkaldia egin zuen. "Meteorologia alde nuen, esperientzia gehiago nuen... Oso eroso sentitu nintzen". Kanaria Handian senitarteko batekin kontaktatzea lortu zuen. "Galduta genuen harremana. Lau izarreko hotela dauka eta hotelean egun batzuk pasatzera gonbidatu ninduen. Zoragarria izan zen".

El Hierrora egin zuen gero. "Diru barik nengoen, eta itsasontziak mantentze-lanak behar zituen. Salmentan jarri nuen. Berehala erosi zuten. Azkarregi. Ez dakit benetan hori nahi nuen".

Etxean da, berriz, Mañarikua. Noiz arte? "Gaztea naiz. Auskalo!", dio.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak