Cristina Blazquez: "Gurasoek erabilera eredugarria egin behar dute"

Maialen Regueiro 2020ko mar. 13a, 12:31
Cristina Blazquez gurasoetako baten mugikorrean, saltsan

Martitzenean, Adingabeak eta telefono mugikorrak gaia izan zen hizpide eskolan, Kontsumobideko Cristina Blazquezen eskutik. Mugikorraren erabileraren arriskuak aipatu zituen, eta gomendio batzuk ere eman zizkien bertaratu ziren gurasoei.

Elgetako Herri Eskolak antolatuta eta Kontsumobideko Cristina Blazquezek gidatuta, Adingabeak eta telefono mugikorrak gaia izan zen hizpide martitzenean. Guztira, 22 emakume –guraso zein irakasle– elkartu ziren tailerrean parte hartzeko, eta, Blazquezen solasaldia entzuteaz gainera, norbere esperientziaren berri emateko aukera ere izan zuten. Besteak beste, segurtasuna, pribatutasuna eta menpekotasuna izan ziren jorratu zituzten esparruetako batzuk.

Mugikorra erostearen arrazoiak

Blazquezen esanetan, hiru dira gurasoek euren umeei mugikorra erosteko arrazoiak: "Umeek mugikorra izateagatik gurasoek izaten duten segurtasuna da arrazoietako bat; modu horretan, une oro umeekin kontaktuan egon daitezkeelako. Bigarrena entretenimendua litzateke, gurasoak lasai egon daitezkeelako umeak mugikorrarekin entretenitzen diren bitartean. Azkenengo arrazoia umeen ingurukoen eragina izango litzateke. Izan ere, umeen ingurukoak mugikorra izaten hasten direnean, gurasoak, nolabait, behartuta daude euren umeari ere mugikorra erostera".

Tik Tok eta Instagram

LH-4 eta LH-5 mailetako ikasleek gehien kontsumitzen duten sare soziala Tik Tok dela adierazi zuen Blazquzek. DBHko ikasleak, berriz, Instagram-zaleak direla aipatu zuen, eta adin hori duten gazteen belaunaldiari berehalakotasunarena deritzola gehitu zuen. Blazquezen esanetan, Tik Tok eta Instagram gisako sare sozialen arazoa da ume asko legeak ezartzen duen adinaren aurretik erabiltzen hasten direla. Kasu horietan, gurasoen arduran jarri zuen fokua. Izan ere, bere ustez, gurasoek euren umeek egiten duten erabileraren gainbegiratua egin beharko lukete, betiere, umeekin hizketaldia izan aurretik eta bi aldeen arteko onarpena egonik.

Arriskuak

Mugikorraren erabilera txarra egitea eta pribatutasuna ez zaintzea dira, Blazquezen esanetan, gailu hau erabiltzearen arrisku nagusiak. Gazteek egiten duten gehiegizko kontsumoa ere aipatu zuen, eta menpekotasuna sor dezakeela gehitu. Arrisku ekonomikoaren inguruan ere hitz egin zuen, eta ordainpekoak diren zerbitzuak zaindu egin beharko liratekeela esan. Eta, azkenik, pribatutasunaren galeraz mintzatu zen; gogorarazi zuen aplikazioak jaisten direnean baldintza guztiak onartzen direla eta, modu horretan, informazio pribatua helarazten dela.

Arrisku hauen berri eman ostean, azpimarratu zuen gurasoek mugikorraren erabilera eredugarria egin beharko luketela seme-alaben aurrean. Gauzak horrela, ideia bat azpimarratu zuen Blazquezek: "Gurasoen gainbegiratua oso garrantzitsua da eta neska-mutikoek mugikorretik komunikatzeko erabiltzen duten modua ere aztertu beharko lukete".

Abantailak

Arriskuen berri eman ostean, mugikorraren erabilerak hainbat abantaila ere badituela aitortu zuen Blazquezek: "Mugikorrak komunikazioa ahalbidetzen du larrialdi kasuetan, neska-mutikoen ardura bultzatzen du eta, azkenik, komunikazioa errazten du".

Pasahitzen ezarpena

Gauzak horrela, saioa amaitzeko, gurasoei pasahitzen ezarpeneko hainbat gomendio eman zizkien Blazquezek: "Mugikorretako hatz-aztarna pasahitz seguruena da eta mugikor bakoitzean lau gorde daitezke. Aldiz, patroia erraz antzeman daiteke eta ez da gomendagarria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak