25 urte, 'Goibekokale' sortu zela

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 28a, 07:58

Gazte asanbladatik bultzatua, sei urte eta erdiko ibilbidea izan zuen, eta Elgetako etxe askotan euskaraz irakurri zen lehen argitalpena izan zen. 16 eta 25 urte bitarteko gazte talde batek hartu zuen lema. Herritar askoren babesa izan zuen proiektuak.

Hotelaren zein eskola berriaren irekierak, Aitor Elkororen urterik onenak, gaztetxearen urteurrenak, gas biltegiaren inaugurazioa, AEKren udako barnetegiak... Askotariko kronikak irakur daitezke Goibekokale-ko orrietan, baina batez ere elgetar askori egindako elkarrizketak eta, eskatuta, herritarrek idatzitako iritzi artikuluak. Arratsalde pasa ederrak egin daitezke, oraindik ere, hilabetekariaren 71 zenbakiei begira. Zenbait etxetan txukun gordeta dituzte zenbaki guztiak, eta udal liburutegian ere kontsulta daitezke.

Laster beteko dira 25 urte hilabetekaria jaio zela. Ana Gillegi izan zen Goibekokale-ko lehen koordinatzailea. "Ardurak banatu behar ziren, eta horrela tokatu zen", dio irribarrez. "Lagun taldea elkartu ginen eta ikusita euskarazko hedabideak sortzeko inguruan zegoen mugimendua antzerako zerbait egitea pentsatu genuen. Oroitzapen oso politak ditut. Gogoan dut aparteko erantzuna jaso genuela herritarrengandik".

Gogoan du maketazio lanak egiteko ordenagailua Joakin Gastezik ordaindu zuela. "Garai haietan 600.000 pezetako diru-laguntza potolo bat eman zigun. Eta Ozkarbi elkarteak lagatako gela batean hasi ginen. Publizitatea ere sartzen zen. Iragarleek bazekiten aparteko irabazirik ez ziela ekarriko, baina lagundu egin nahi zuten, eta hor egon ziren. Batzuk, hilero".

Euskararen aldeko proiektu bat izan zela azpimarratu du maketazio lanetan ibili zen Bittor Gallastegi elgetarrak. "Hor ibili ginenak nahi izan genuelako ibili ginen, eta gauza asko zeuden egiteko. Dena genuen ikasteko. Nire ustez elgetar askoren lan anonimoari esker atera zen proiektua aurrera".

Goibekokale hamasei orriko hilabetekaria zen, eta hilabete hasieran banatzen zen etxez etxe. Batzuetan gehigarri bereziak ere argitaratzen ziren, batez ere jaietan.

Dena ikasteko

"Ez genuen esperientziarik eta nahiz eta batzuk kazetaritza ikasten egon kazetari ere ez ginen. Formazioa behar genuen eta inguruan antolatzen ziren ikastaroetara joaten ginen. Arrasate Press-ek asko antolatzen zituen", gogoratzen du Gillegik. Gogoan du kale-inkestek, argazki zaharren atalak eta Bapatian elkarrizketa sailak harrera oso ona izaten zutela. Erredaktore lanetan jardundako Ainara Iribar ibili zen, besteak beste, elkarrizketa horiek egiten. "Ez zuen inork agertu nahi izaten, eta zaila izaten zen elkarrizketatuak lortzea, baina galdera pikantetxoendako tartea izaten zen, eta jendeak gustura irakurtzen zuen".

Erredakzioko kide izandako Oxel Erostarbek bereziki gogoan ditu jaien, Asentzio Egunaren eta Inauterien ostean kaleratzen ziren zenbakiak argazki pilarekin joaten zirelako. "Zenbaki horiek harrera oso ona izaten zuten. Gogoan dudan beste gauza bat da zeinen gazteak ginen; 15-25 urte bitartekoak izango ginen".

Iritzi-emaileak eta kolaboratzaileak ere asko ziren. Tarteka herritarrek idatzitako gutunak ere iristen ziren.

Argazki garrantzitsuenak Txuri-Beltz Argazkizale Elkarteko Josetxo Arantzabalek ateratzen zituen. Kultura etxeko laborategian errebelatzen zituen. Paperera pasa eta eskaneatu egin behar izaten ziren. "Ez zegoen digitalik, eta azken aste bukaeran ibiltzen ginen presaka".

Bittor Gallastegik ere gogoan ditu azken orduko presak. "Bukaera beti izaten zen esprintean. Bakoitzak gure zereginak izaten genituen, eta Goibekokale izaten zen asteburuetako kontua. Suposatu zuen lana, eta hasierako zenbakietan ikusten da ez ginela oso onak. Eta Kitto aldizkarira buelta batzuk egin genituen ikasteko. Gertu inprentatik ere asko laguntzen ziguten".

Aldizkariak inprentatik jaso, etiketak eskuz idatzi eta banatu ere egin behar ziren. "Banaketa gaztetxoek egiten zuten hasieran, eta postaz ere asko bidaltzen genituen kanpoan bizi ziren elgetarrek horrela eskatzen zutelako", dio Iribarrek.

Dirua ateratzeko txosna jartzen zuen Goibekokale-k jaietan, eta salmentara ateratako kamiseta batek baino gehiagok eman zuen zeresana.

Euskara hutsean

"Garai haietan Elgetako etxeetan euskaraz sartu zen ia gauza bakarra Goibekokale izango zen", dio Erostarbek. "Gaztetxetik gauza asko egin ziren, baina nire ustez hau izan zen garrantzitsuena; Elgetako albisteak elgetarrek idatzita".

Ana Gillegiren ustez: "Batzuendako gogorra ere izan zela esango nuke. Euskal hiztuna izanik ere egon zen jendea elebitan egiteko eskatzera etorri zena euskaraz irakurtzeko zailtasunak zituztelako. Uste dut Goibekokale-ri esker errazago izan dutela sarrera GOIENA moduko euskarazko hedabideek". Elgetako euskaran ere bazeuden atal batzuk; Bapatian elkarrizketa, kale-inkestak. "Ahoz erabiltzen zen eta lehenengo aldiz hartu zuen gorputza idatziz, nire ustez".

2001eko urrian argitaratu zen Goibekokale-ren azken zenbakia, hain zuzen ere 71.a. Goienkaria aldizkariak hartu zion erreleboa. Elgetako edukiei bi orriko espazioa eskaini zitzaien, astero, Bergarako edizioan.

Lantaldeak lehen urteurreneko zenbakirako ateratako argazkia. (Iturria: Goibekokale).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak