Litekeena da 36ko gerrako lehergailu gehiago agertzea, eta 112 telefonora deitu behar da horrelakoetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ots. 25a, 11:53
Otsailaren 2an Karabietan agertutako lehergaietako bi. (Argazkia: Herrizaingo Saila)

Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko komisario Julian Arruabarrenak azaldu du urtean, batez beste, 80 bat agertzen direla EAEn. "Frontea egonkortu zen eremuetan eta lubakietan azaltzen dira. Gehienak mendian, batez ere Bizkaiko mugan eta mendi tontorretan, Ondarrutik Orduñaraino".

Otsailaren 2an, 36ko gerrako lau lehergailu aurkitu zituzten Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek Karabietan. Abisua eman eta dagokion protokoloa martxan jarri ostean, kontrolpeko leherketak egin zituen Ertzaintzak. Ez da lehen aldia gerrako lehergailuak agertzen direla Elgetan. 

Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko komisario esan du "lasai asko" ibili daitekeela mendian, "normalean lur azpian egoten direlako". Elgetakoak ere lurpean zeuden, metro eta erdiko sakoneran, Arruabarrenak azaldu duenez. Horrelakorik aurkituz gero, dena den, 112 telefonora deitu behar da. "Eta ez dira ez ukitu, ez mugitu behar. Hermetikoki itxita egoten dira, eta ez badira zabaldu karga aktibo egoten da. Erruleta errusiarra da".

Azaldu du bildumatzaileak ibili ohi direla gerrako material bila, eta horrela aurkitzen dituztela lehergailuak. "Debekatuta dago jasotzea, eta legeak ez du uzten horrelakoak edukitzen; ez lehergailurik, ez piezarik". Horrelako lanetan ibiltzeko baimen bereziak behar direla ere esan du Arruabarrenak.

Aspaldikoak izanik ere eztanda egiteko gaitasuna dute oraindik ere lehergailu askok. "Arrazoiak hainbat izan daitezke: ez zirelako puntaz erori eta espoletak ez zuelako lurra jo, edo gaizki muntatu zirelako, edo espoletak akatsen bat zuelako… baina karga aktibo dago eta lehertu daiteke".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak