Bota berria den pinudi batek hartzen zuen lur eremuan egin dituzte prospekzio lanak, gaur goizean, Intxorta 1937 kultur elkartekoek. Metal-detektagailuekin egiten dute lan hori, eta lau obus edo lehergailu aurkitu dituzte. "Nahiko gertu zeuden hiru, eta laugarrena apur bat beherago", adierazi du Intxorta 1937 kultur elkarteko Jon Etxezarragak. "Bi obus 75 milimetrokoak dira eta laugarrena 155 milimetrokoa. Artilleria piezak dira. Kokapenagatik pentsatzekoa da Mekolalden zeuden kanoiek jaurtiak direla Karabietako lubakietako gudariei eta milizianoei eraso egiteko".
Ez da lehenengo aldia Karabieta inguruan 36ko gerrako obusak agertzen direla. Uztailean beste bi lehergailu aurkitu ziren, eta lehertu egin zituen Ertzaintzak. "Hemen asko egongo da. Badira urteak prospekzio lanak egiten ditugula, eta urte hauetan guztietan zortzi bat lehergailu aurkitu ditugu hemen. Pinudiak daude eta zaila da horrelakoetan prospekzioa lanak egitea, baina pinuak botatzen dituztenean aukera ona da metal-detektagailuekin etorri eta ingurua ikuskatzeko. Jabeari baimena eskatuta etorri gara".
Ingurua zaintzapean
Ertzainei abisua ematea izan da lehen egitekoa, eta bertaratu direnean kokapenak zehaztea izan da lehentasuna. Sokaz hesituta daude bi eremu Karabietan. Herrizaingo Saileko lehergailu-teknikariak ere abisatuta daude, eta bertaratzekoak dira. Aurkitutako obusak aztertu eta lehertzea komeni den baloratu beharko dute.
Ingurua Ertzaintzaren zaintzapean dago.