1.728.293 euroko aurrekontua izango du 2020an Elgetako Udalak

Txomin Madina Milikua 2019ko abe. 18a, 15:12

Udal Gobernu taldeak aurreko astean aurkeztutako aurrekontu proposamena onartu zuen martitzenean udalbatzak. Talde jeltzaleko ordezkariak abstenitu egin ziren, jarraikortasuneko eta anbiziorik gabeko aurrekontua dela iritzita.

Ezusterik gabe egin du aurrera Udal Gobernu taldeak 2020rako aurkeztutako aurrekontuak. 1.728.293 euroko aurrekontua da –2019koa baino %8,87 handiagoa– eta 2012a ezkero inbertsioetarako diru kopuru handienekoa.

Iraitz Lazkano alkateak azaldu du bi faktorek eragiten dutela horretan: alde batetik, Olalde auziarekin lotutako lehen kalte-ordaina pagatzen amaitu izanak; eta, bestetik, aurreikuspena dela Foru Fondotik etorriko den diru kopuruak %3 eta %4 artean egingo duela gora. "Nire ustez, 2020rako planteatu dugun aurrekontua da Elgeta moduko udal batek eduki beharko lukeen aurrekontua. Nahiz eta kalte-ordainetan oraindik ere ia 200.000 euro gastatzen ditugun, kopuru jasangarriagoak dira eta aurrekontua nahiko orekatua da. Inbertsioak egiteko zer edo zer gelditzen da, eta Udalak erabakitzeko ahalmen handiagoa du", adierazi du Lazkanok. "Artean ikusten dugu hainbat urtetan gabezia batzuk egon direla dirurik ez delako egon, eta 2020ko aurrekontuan planteatzen diren hainbat inbertsio dira hiri segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko ezinbestean egitekoak ikusten ditugunak".

Proiektu nagusiak

2020ko inbertsio nagusiak dira: San Roke kaleko zorua berritzeko 110.000 euro, Haur Hezkuntzako teilatua egiteko 50.000 euro, Udalak plazan duen etxebizitza berritzeko 40.000 euro, industrialdean ingurumen kontuak lantzeko 18.000 euro, baserritarren batzorderako 15.000 euro, herriko mapa topografikoa egiteko 14.520 euro, frontoian LED argiak ipintzeko 5.000 euro, eskolan suteen kontrako ateak jartzeko 4.482,68 euro eta udal langileen fitxaketa sistema ipintzeko 800 euro. Elgeta 2020-2030parte hartze prozesua ere egingo du Udalak, eta 8.000 euro bideratuko dira horretara.

Zubietako errauste-planta

Bestelako gairik ere izan zen martitzeneko osoko bilkuran. Zubietako errauste-plantarekin lotuta Usurbilgo Udalak bidalitako idatziak, esaterako, soka luzea ekarri zuen. Agerian gelditu zen guztiz kontrajarriak direla gaiaren inguruan bi talde politikoek egiten dituzten irakurketa eta balorazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak