Kontsumorako Prezioen Indizeari (KPI) dagokion igoera izango dute udal tasa eta ordenantza fiskal gehienek 2020an. Atzo egindako ez ohiko osoko bilkuran hartu zuen erabakia udalbatzak. Salbuespenak ere izango dira, eta horien artean aurkitzen da hondakinen gaineko zergari aplikatuko zaion %3ko igoera. Iraitz Lazkano alkateak azaldu zuen Mankomunitateko kontu-hartzailearen txostena jaso duela Udalak, eta bertan azken lau urteetan Udalari aplikatutako igoeren berri jasotzen dela. Esan zuen gastuaren estaltze mailak antzera jarraitzeko hartutako neurria dela %3ko igoera.
Udalak hobariak aplikatzen jarraituko duela gaineratu zuen Lazkanok, eta berriak ere egongo direla aurreratu zuen. "Orain arte hobari zabalena %50era heltzen zen, eta aurrerantzean %70era heltzeko aukera ere egongo da". Hezkuntza, kirol eta halako zerbitzuetan ez da igoerarik aplikatuko, eta bonu berriak ezarriko dira. "Bederatzi hilabeteko zerbitzua jaso eta zortzi ordainduko dute erabiltzaileek", azaldu zuen alkateak. Zerbitzu guztietarako urteko bonua egitea, berriz, 300 euro izango da; orain arte baino 50 euro merkeago. Frontoia merkeago alokatzeko aukera ere egongo da urte guztirako alokairua eginda; astean ordubete, abuztua eta jai egunak kenduta. Berrikuntzak daude baita ere eguzki plaken energia erabiltzeagatik dauden hobarietan.
Oposizioa kontra
Oposizioak kontrako botoa eman zuen, eta hondakinen gaineko zergaren igoera eta etxebizitza hutsei aplikatzen zaien errekargua ipini zituen arrazoi nagusi. "Ados gaude orokorrean, eta bereziki kirol zerbitzuetan zenbait hobari berri aplikatzearekin, baina ez dugu %3ko igoera hori ondo ikusten eta etxebizitza hutsei aplikatzen zaien %75eko errekarguarekin ere ez gatoz bat", adierazi zuen EAJko ordezkari Aintzane Oiarbidek. "Guk ez dugu Mankomunitateko kontu-hartzaileak bidalitako txosten horren berririk (…) eta jakin nahiko genuke zergatik planteatzen duen igoera hori Mankomunitateak eta zein den egoera une honetan". Aurrerantzean informazio guztia bidaltzeko eskaera ere egin zuen.
Etxebizitza hutsen errekarguari dagokionean esan zuen ikusita dagoela ez duela alokairuetan mugimendurik eragiten, eta arazoa askoz ere sakonagoa dela. "Arazoa ez da konpontzen horrelako errekargu batekin. Ez dakigu etxebizitza horiek zergatik dauden hutsik. Gaia sakon aztertu behar da eta agian beste instituzio batzuetara jo behar da lege aldaketak eskatzeko. Hortik jotzearen aldekoak gara", esan zuen. Errekargua kentzeko eta alokairua bultzatzeko zer egin daitekeen aztertzeko proposamena egin zuen.
Eztabaida sortu zen udalbatzan. Iraitz Lazkano alkateak erantzun zuen hilabete eta erdi dela udal tasak eta ordenantza fiskalak lantzen ari direla, eta ogasun batzordeetan eman dela informazioa. Denbora horretan udal gobernuak ez duela ez informazio eskaerarik ez proposamenik jaso. "Eta berba egiteko prest gaude", esan zuen. Azaldu zuen Debagoieneko Mankomunitatearentzako igo egin direla hondakinen bilketa eta kudeaketa gastuak, eta aldiz jaitsi egin direla sarrerak. "Beraz, gehiago kostatzen da hondakinak kudeatzea".
Errausketaren aldeko apustua egin izanak gipuzkoar guztiengan izango duen eragina ekarri zuen orduan gogora EH Bilduko ordezkari Ibai Larrañagak, eta Oiarbidek erantzun zion ez dela egia atez atekoa merkeagoa denik.
Etxebizitza hutsen errekarguari dagokionean Lazkanok esan zuen iaz oposizioarekin adostutako kopurua dela, eta azpimarratu zuen oposizioak ez duela hilabete eta erdian gaiarekin lotutako proposamenik egin. "Aurreko oposizioa eta gu ez gara berdinak", erantzun zion Oiarbidek. "Guk gure iritzia dugu, eta gure proposamenak egiten ditugu".
Hala, aldeko bost botorekin eta kontrako birekin egin zuen aurrera 2020rako udal tasen eta ordenantza fiskalen proposamenak.