Abuztuan egindako behaketek baieztatu dute zebra-muskuilua hasita dagoela Aixolako urtegian ugaltzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ira. 3a, 12:50
Abuztuaren 28ko behaketa lanetan Aixolan antzemandako bost zebra-muskuiluak. (Argazkia: Ura Agentzia)

Martxoan antzeman zuten lehenengoz espezie inbaditzailearen presentzia Aixolan. Arrantza debekatu eta urtegiko ur maila jaitsi zuten behaketa lanak egiteko. Abuztuan egindako azterketetan beste bost ale heldu atzeman dituzte eta larben presentzia konfirmatu dute. Errekan behera, hori bai, ez da oraingoz kolonizazio arrastorik aurkitu.

Abuztuaren 28an egin ditu Ura Agentziak azken behaketa lanak Aixolan. Sasoi ona da zebra-muskuiluaren ugalketa prozesua orduan ematen delako nagusiki. Urtegian hormako bi bazterrak aztertu dituzte eta horrekin batera Aixola errekaren hainbat eremu urtegitik behera. Guztira errekako 400 harri aztertu dituzte.

Urtegiko Bizkaiko eremuan bost ale heldu atzeman dituzte eta ondorioa da espeziea ugaltzen hasita dagoela Aixolan. "Erritmo nahiko azkarrean gainera", esan du Ura Agentziako teknikari Fran Silvanek. "Errekan behera, hori bai, ez da kolonizazio arrastorik antzeman eta hori albiste ona da. Esan gura du hasierako fasean gaudela".

Espezieak eremu jakin batzuk ditu gustuko bizi izateko, eta adituek egindako txostenak jasotzen du zebra-muskuiluak kolonizatu dezakeen eremuaren %10 hartu duela Aixolan. Atzemandako bost ale helduek 5,22 milimetroko neurria dute. "Maiatzean edo ekainean jaiotako aleak direla ondoriozta daiteke", jasotzen du txostenak.

Jarraipen lanak

Kolonizazioa hasierako fasean dagoela adierazi du Fran Silvanek eta beharrezkoa izango dela behaketa eta kontrol lanekin jarraitzea. Ur Partzuergoa eta Ura Agentzia dira lan horien arduradunak. "Uraren analisi genetikoak egiten ditugu eta horrekin batera larben kontrolak –urtean lau– eta ale helduen kontrolak –urtean behin–".

Inguruko erabiltzaileei gogorarazten zaie debekatuta dagoela Aixolan arrantzan egitea zein edonolako ur kirolik egitea. Espeziea beste ur eremuetara ez zabaltzeko hartutako neurriak dira.

 

Abuztuan aztertu diren Aixolako eremuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak