Erlezainen lana denen bistara, bihar, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 26a, 08:36

Bailarako ekoizleen produktuak, ezti dastaketa, neska-mutikoendako tailerrak, erlauntz bat bertatik bertara ikusteko aukera... Erleen munduak hartuko du zapatuan herriko plaza eta arratsalderako, erregina-jelearen inguruko hitzaldia iragarri dute.

Udaberrian eta udan izaten dute erlezainek lan kolpe handiena, eta sasoi honetan denbora luzeagoa dute ekoiztutako produktuak azoketan eskaintzeko. Bihar, zapatua, Erle Eguna egingo dute Elgetan, eta inguruotako hainbat ekoizle elkartuko dira bertan. Tartean izango da Larrabiltxoko Luis Mari Arantzeta edo bere senideren bat.

Debagoiena Landa Garapenerako Elkarteak eta Mankomunitateko Turismo Sailak antolatu dute Erle Eguna, Elgetako Udalarekin elkarlanean. Erlezainak ere badihardute antolaketa lanetan. Asier Martin eta Erlantz Olabarria bergararrak, esaterako, erlauntz eta guzti izango dira Elgetan. "Erleengandik eztia, polena, propolia, argizaria, erregina-jelea eta apitoxina lor daitezke", azaldu du Martinek. "Goizerako, neska-mutikoendako tailerrak, azoka, erakusketa bat eta ezti dastatzea antolatu ditugu. Zortzi ezti mota eskainiko ditugu dastatzeko, eta azalduko dugu non eta noiz jasotako eztiak diren; izan ere, eragina du horrek kolorean eta zaporean". Azaldu du erlauntz bat bertatik bertara ikusteko aukera izango dela eta gauzak ondo bidean zabaltzeko ahalegina ere egingo dutela. Hala, erleak lanean, larbak hazten edo produktu ezberdinak nondik lortzen diren ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Arratsaldean hitzaldia

Ekoizleei zuzendutako hitzaldia ere izango da Erle Egunean. Azkaineko ekoizle Mikela Untsainek erregina-jelearen inguruko hitzaldia egingo du 16:30ean udaletxeko areto nagusian. Interesatu guztiendako saioa da. Liztor beltza, sasoi betean Ardura handia dago liztor beltzak eragindako kalteekin. "Ez dugu bururik altxatzen. Oraingoz, irtenbide bakarra erlauntzak liztorrik ez dagoen eremuetara mugitzea da", esan du Martinek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak