Zero ezagutzarekin baina hizkuntzarekiko jarrera positiboarekin euskararen alde lan handia egindako jendea badagoela dio Xabier Payak. Uste du guraso batek ahalik eta baliabide gehien eman behar dizkiola seme-alabei, eta Euskal Herrian hankamotz biziko dela pertsona bat euskararik gabe.
Euskal hiztunei euskal hiztunik ez dagoen familia horien betaurrekoak janzteko saiakera egiteko eskatzen die, eta aurreiritziekin neurriz jokatzeko. Izen batek, abizen batek, janzkera batek... ez duela hiztuna egiten.
Hizkuntzen kudeaketan uste okerrek eta aurreiritziek pisu handia dutela ohartarazten du Xabier Payak. "Urte askoan ni ez naiz euskaldun oso sentitu. Etxean gaztelera zen komunikatzeko hizkuntza eta bizitzako alor askotan hori izan da nire hizkuntza".
Ikastolan ikasi du euskara eta gerora frantsesa, ingelesa eta arabiera. "Hizkuntza bat ez da beste bat baino zailagoa. Gakoa da nondik abiatzen garen. Hizkuntza batzuk gertuagokoak egiten zaizkigu eta horregatik iruditzen zaizkigu errazagoak. Zailtasun maila norberaren abiapuntuak markatzen du".
Gizarte gero eta eleanitzagoa
Payak eleaniztasunari buruzko gogoeta ugari egin zituen Elgetako hitzaldian. "Gero eta migratzaile gehiago iristen dira gurera eta hizkuntza ikasteko denbora eman beharko diegu. Egokitzapenerako denbora eskaini beharko diegu", esan zuen. "Pertsona horiek gure hizkuntzara gerturatu behar ditugu eta hori irribarre handi batekin besterik ez da lortzen".
Payak badu mezua elebakarrak diren horiendako ere. "Datuei erreparatuta ikusten da munduan ohikoena eleanitza izatea dela. Proportzioan elebakarra izatea gutxiengoa da. Seme-alabek euskara ikastea gogoko ez duten horiei jakinarazi behar diegu haur horiek ez direla %100 biziko hemen. Inguruan egiten diren ekintzen %40 euskaraz badira, %60an biziko dira; izan ere, hizkuntza kontuengatik ezingo dute ekintzen %40 ulertu".
Saioari amaiera emateko zutik jarri zituen Payak bertaratutakoak eta eskatu zien begi bat eta belarri bat estaltzeko eta hanka bakarraren gainean jartzeko. "Nola bizi daiteke pertsona bat hobeto; bi begirekin, bi belarrirekin eta bi hankarekin edo erdiarekin?".
Amak emandako erantzun bat azpimarratu zuen Payak hitzaldian. "Gure amari galdetu nionean zergatik erabaki zuen guk euskaraz ikastea erantzun zuen hizkuntzak berokiak direla eta garrantzitsua dela noiz zein beroki jantzi erabakitzeko aukera edukitzea. Oso gogoan dut erantzun hura".