Baratze lanetarako ere, gaueko zerura begira

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko eka. 8a, 11:39
Igarataundi, eguaztenean, tailerra egiten Elgetako baratze parkean.

Ilargiak bi ziklo ditu eta baratze lanetarako gehiago erreparatu behar zaio egiten duen ibilbideari duen tamainari baino. Ingurumenarekin lotutako ekintza sortaren barruan hainbat azalpen eman zituen, eguaztenean, Ekoguneko Mitxel Igarataundik.

Aspalditik dator ilargi egutegia, eta landareengan duen eragina zein den ondo ulertzeko saioa izan zen eguaztenean Elgetako baratze parkean. "Ilargiak itsasoa mugitzen du. Hortaz, zer ez du mugituko! Gauza askotarako erabiltzen da ilargi egutegia", esan zuen Ekoguneko Furgobaratzea zerbitzuko Mitxel Igarataundik.

Azaldu zuen gatazka moduko bat dagoela kontu honetan, ilargiak bi ziklo oso ezberdin dituelako. "Bata 29 eguneko zikloa da. Erraz ikus daiteke; izan ere, ilargia bete eta hustu egiten da. Ilzahar eta ilbete dira erabili beharreko terminoak. Ziklo horrek oso eragin txikia du landareengan", esan zuen. "Bigarren zikloa 27 egunekoa da eta ilargiak zeruan egiten duen bidea du oinarri. Batzuetan oso goian dago eta beste batzuetan beherago. Ilgora eta ilbehera esaten dugu orain, eta horri begiratu behar zaio baratzeko lanak egiteko".

Dauden egutegien artean Calendario lunar delakoa nabarmendu du Igarataundik. "Baratzean lan batzuk ilbeheran egitekoak dira eta beste batzuk ilgoran. Ilbeheran egiten dira, esaterako, landaketak, inausketak, simaurketak... Egia da eguraldia dela-eta batzuetan ez dagoela ilargiari zain egoterik, baina barazkiak sanoago ateratzen dira".

Igarataundik ohartarazten du, dena den, ilargiak eragina badu ere eragin askoz ere handiagoa duela lurra ondo lantzeak: garaiz ibiltzea, garaian garaikoa landatzea, txandaketak ondo egitea, lurra ondo ongarritzea...

Karakterizazioa eta azoka gaur

Ingurumenarekin lotutako ekintza gehiago ere izango da egunotan. Udalak antolatuta herrian sortutako errefusaren karakterizazioa egingo dute gaur, 12:00etan, Mendizaleen plazan. Bigarren eskuko azoka ere izango da, 18:00etan. Herritarrak izango dira protagonista. Eguaztenerako, berriz, Epeleko konpost-planta ezagutzeko bisita gidatua iragarri dute. Taldea 15:30ean abiatuko da Elgetatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak