Astelehenean egin zuten Euskaraldia batzordea eratzeko batzar irekia, Elgetan. Hamar bat lagun elkartu ziren Ozkarbi elkartean; tartean ziren Iraitz Lazkano alkatea, Euskara zinegotzi Janire Lazkano, GizarteOngizate zinegotzi Mirari Larrañaga, Gu Geu Elgetako hautetsi Iratxe Bravo, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Nerea Villa, Kantsatzeke Mendi Taldeko Enrike Gorrotxategi eta Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko Ainara Iribar, Iban Arantzabal eta Oxel Erostarbe.
Hizkuntza ohituretan eragiteko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri mailan egingo den ariketa sozial erraldoia da Euskaraldia, eta elgetarrei ariketa horretan parte hartzeko dei egingo zaie. Euskaraldia ez da soilik euskararekiko aldekotasuna adierazteko ekimena. Konpromiso zehatz bat eskatzen du: hamaika egunez ahobizi edo belarriprest izatea. "Batzorde honen lana hemendik aurrera Euskaraldia zer den eta ahobizi eta belarriprest figurak zer diren herritarrei ondo azaltzea izango da", adierazi du Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko presidente Ainara Iribarrek.
Egindako neurketek erakusten dute euskararen ezagutzak gora egin duen honetan, erabilerak beheranzko joera duela, eta egoera horren aurrean euskal hiztunak aktibatzea eta ahalduntzea du helburu Euskaraldiak. Laurehun herrik baino gehiagok eman dute izena; tartean, Elgetak. "Bereziki itxaropentsua da Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan Euskaraldiak sortutako mugimendua", esan zuen batzarrean Goibekoko Iban Arantzabalek.
Elgetako hamaikakoa
16 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena da Euskaraldia, eta sortu berria den lantaldeak herriko hamaikakoarekin eman nahi dio hasiera kanpainari. Hala, lehenengo erronka da euskararekiko duten loturagatik esanguratsuak diren hamaika herritar elkartzea talde argazki bat ateratzeko eta gainerako herritarrei Euskaraldian parte hartzeko dei egiteko. Hain zuzen ere, ekainaren 19rako iragarri dute herriko hamaikakoaren aurkezpen ekitaldia, Elgetan. Jarraian etorriko dira Euskaraldiarekin lotutako ekintza gehiago.
Hurrengo batzarra, hilaren 11n
Batzordea irekia dela gogoratu dute parte-hartzaileek, eta gerturatzeko dei egin diete herriko eragileei, elkarteei eta norbanakoei. Kontaktua da: elgeta@ euskaraldia.eus. Hurrengo batzarra ekainaren 11n egingo dute, 19:30ean, Ozkarbin.