Martxan da Elgetako emakume taldea eta Martxoaren 8a aukeratu dute herritarren aurrean sorrera ekitaldia egiteko. Atzo iluntzeko elkarretaratzearen ostean eman zuten taldearen nondik norakoen berri eta trena martxan jartzeko eguna zela iragarri zuten. Gauza asko daude oraindik finkatzeko, baina espazio bat sortu da, eta hasiera batean behintzat adin askotariko emakumeak elkartu ditu. "Taldeak, oraingoz, Amantalak du izena", esan zuen atzoko ekitaldian aurkezpen lanak egin zituen Olaia Jimenezek. Taldeko ateak zabalik daudela ere gaineratu zuen.
Bi elkarretaratze plazan
Elgetan ere emakumeak izan ziren protagonista atzo. Bi elkarretaratze egin zituzten, bata 11:00etan eta bestea 19:00etan. Hainbat aldarrikapen entzun ziren batez ere iluntzeko kontzentrazioan. Musikarekin, poesiarekin eta antzerkiarekin jantzi zuten ekitaldia.
Plazako ekintzak amaitutakoan zeramika gelan prestatutako erakusketa ireki zuten. Elgetako hainbat emakumeren zaletasunak eta lanak erakutsiko dira bertan domekara arte.