Gazte Asanbladak jakinarazi du martxoaren 17an egingo dutela amaiera festa eta hurrengo asteetan txukunketa eta garbiketa lanak. Elgetako Udalari emango dizkiote gero gaztetxeko giltzak.
Eraikinarekin zein asmo dagoen galdetuta Iraitz Lazkano alkateak erantzun du lehenengo eta behin zein egoeratan dagoen aztertu beharko dutela. "Azkenengo batean gaztetxetik eskatu ziguten teilatuari konpondu moduko bat egiteko eta aurten gerakina baldin badaukagu —hau da, iazko aurrekontutik diru pixka bat sobratzen baldin bazaigu— asmoa daukagu teilatuari konpondu bat emateko. Eta gero ikusi egin beharko dugu zein erabilpen eman diezaiokegun eraikinari: biltegi izan daiteke edo bestelako kultura erabilpen bat eman eskaerarik baldin balego. Aztertu egin beharko genuke".