Gazte Asanbladako sortzaileen artean ezusterik ez gaztetxetik hartutako erabakiarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mar. 2a, 14:51
Elgetako Gazte Asanbladaren eta gaztetxearen sorreran ibilitako kide batzuk.

1992an jaio zen Elgetako Gazte Asanblada eta 1996ko martxoaren 22an okupatu zuten gaztetxea. Bi hamarkadaren ondoren Asanblada desegiteko eta gaztetxeko giltzak Udalari emateko erabakia da albiste herrian. Berriak ez du benetako ezusterik eragin.

"Gaztetxea amatatzen joan da. Ez da egun batetik besterako kontua izan. Gaur egun, pribatizatu egin da dena, eta zegoen indar apurrarekin gauza batzuk mantentzera jo dute gazteek, baina ez da berdina ardurak hamabosten artean edo lauren artean banatzea". Igor Azkarateren hitzak dira. Gazte Asanbladako sorreran ibilitakoa da. Sortzaile haietako batzuekin egin du hitzordua GOIENAk. Egungo gazteek hartutako erabakiak ez ditu ezustean harrapatu.

"Elgeta batean gaztetxeak 22 urte bete izana errekorra iruditzen zait. Txalogarria. Elorrioko gaztetxeak 30 urte bete berri ditu. Bergaran ere martxan dira, baina dugun herritar kopururako eta dauden tendentziak kontuan hartuta munduko errekorra iruditzen zait 22 urte eutsi izanak", iritzi dio Onditz Villak. "Ikusten ari gara inguruko herrietan ere zer gertatzen ari den. Lokalak hartzea da gazteen joera".

Ohiturak aldatu egin direla berresten du Alazne Azkaratek. "Gazteek, gaur egun, ez dute gaztetxearen beharrik. Aldatu egin dira ohiturak eta gustuak", esan du.

Elgetatik mugitzeko erraztasun handiagoak daudela gaineratu du Oier Villak. "Gure sasoian, jaiak kenduta, herrian ezer gutxi zegoen, horregatik hasi ginen antolatzen. Gaur egun, lokalak hartzen dituzte. Hala, ez dute gustuko ez duten jendea aguantatu behar. Bakoitzak bere zirkulua du eta kitto. Hori argi eta garbi. Baina horrela itxi egiten duzu zure oskola".

 "Ikusi egiten zen iritsiko zela itxiera", dio Bittor Gallastegik. "Poliki-poliki, jendea gogoa galtzen joan da. Jendea, orain, bere gauzetarako mobilizatzen da, denbora gutxiago du... Ez dakit nik! Hasieran, gainera, beti dituzu indar eta motibazio handiagoak, eta ez dut uste Elgetako kasua bakarra denik. Ziurrenik orokorra da. Eta, oraingo gazteek ez dituzte gauza gehiago egiteko? Lehen 15 urterekin denbora libre gehiago izaten genuen, ez? Ez dakit... Erantzuna ere txikitzen joan da", esan du.

Galdera hori egiten dio bere buruari Iban Arantzabalek. "Zergatik joan da txikitzen jendearen erantzuna? Gauza konkretu batzuetan zentratzen joan da gaztetxea? Hasierako irekidura galtzen joan da? Gauza horiek aztertu beharko lirateke. Zergatik joan den jendearen erantzuna jaisten", adierazi du. Gazteek hartutako erabakia penaz baina errespetuz hartzen duela gaineratu du. Uste du, gainera, ez dutela zertan inori azalpenik eman behar. "Erabaki ausarta ere bada. Gu gustura geunden. Hori eskatzen zigun gorputzak. Inertziaz eusteak nekea dakar. Ez dakit erabakia hartzeko benetako arrazoiak zeintzuk diren. Ez ditut inon irakurri. Gu asko ginen, baina lanerako asko beti ez gara egon". Gaztetxearekiko zuen lotura afektiboa ere jaisten joan dela azaldu du. "Zabaldu duten bakoitzean joan naiz, baina oso gutxitan zabaltzen zuten azkenaldian".

Gaur egungo gazteen gogo falta aipatu du, berriz, Enrike Perez Txikiturri-k. "Ez dute ezer egiteko gogorik. Ez dakit lotsa den edo zer den", esan du.

Modu indibidualagoak

Oraingo moduak indibidualagoak direla uste du Olaia Jimenezek. "Belaunaldi, ohitura, interes eta gustu aldaketak daude. Militantzia eta konpromisoa hartzeko kontua ere egongo da", esan du. "Gaztetxeak aurretik ere izan ditu zirt edo zart batzar batzuk. Gure sasoian ere egon ziren une kritikoak. Ez dut uste belaunaldi oso ideala izan garenik, baino gauza batzuk aldatu egin direla bai. Orain kuadrillek lokala hartzen dute eta nahi dutena egiten dute beraientzat, eta ez dira gehiago zabaltzen. Ez da izango momentua. Beste interes eta beste bizitza estilo batzuk dituzte gazteek. Eta ez da Elgetako edo Euskal Herriko gai bat baizik eta orokorragoa da. Hain zuzen ere, ikerketak egiten ari dira gazteen desmobilizazioaren gaia aztertzeko. Batzuk Boloniako Planarekin ere lotzen dute; goizez eta arratsaldez ikasketatera lotuta egotearekin, alegia".

"Guk gauzak antolatzen genituen, baina gure inguruan ere desmobilizatu mordoa zegoen", esan du Oxel Erostarbek. "Lanerako geunden batzuk, baina beste asko ez".

Eider Etxanizen hitzetan gazteek Bergararako joera dute orain. "Gu gehiago egoten ginen herrian. Orain, lehenago jaisten dira Bergarara eta askok lokala hartzen dute. Agendak ere beteagoak dituzte. Badute gaztetxearen faltarik?".

Laster itxiko ditu ateak Elgetako gaztetxeak. "Itxita ikusteak baino pena handiagoa ematen zuen lau gazte ahal zuten moduan gauzak aurrera ateratzen ikusteak. Akaso, gainera, behartuta sentitzen zirelako eta ez hainbeste gustura egiten zutelako", adierazi du Igor Azkaratek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak